
Herritar ugari bildu zen kultura azpiegiturei buruzko hausnarketa prozesuko azken saioan, herenegun (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Lizardi antzokia eta Modelo zinema itxita, azpiegitura kultural «egokirik» gabe geratu da Zarautz. Horri irtenbidea emateko, udalak hausnarketa prozesua abiatu zuen hilabete hasieran, herriko kultura azpiegituren erabilerak eta beharrak identifikatu eta proposamen zehatzak zarauztarrekin eztabaidatzeko. Herenegun egin zuten azken saioa, eta besteak beste, aurreko saioetan egindako azpiegituren berrantolaketa aukeren azterketa moldatu, behar diren azpiegitura berrien definizioa osatu eta jarraipen batzordea izendatu zituzten. Herritar ugari gerturatu zen bilkurara.
Egun herrian dauden azpiegituren berrantolaketa mapa azaldu ostean, kultura zinegotzi Gari Berasaluzek zenbait proposamen egin zuen eraikinon erabilera posibleen inguruan. Besteak beste, Modelo zinema alokatzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Horretarako, eraikinaren jabeekin akordio batera iritsi beharko litzateke, alokairu jakin bat ordainduz irailetik aurrera eraikina «biziberritzeko».
Era berean, Gaztelekuko Zinema frontoia ikuskizun areto bihurtzea proposatu zuen Berasaluzek, Donostiako Gazteszena aretoaren antzekoa, hosgabetzeko kaxa moduko bat ezarriz bertan. Zinegotziaren arabera, lan hori egitea ez litzateke «konplexua» izango.
Horiez gain, Sanz Eneako eraikin osoa liburutegi bihurtzea eta bertako erakusketa aretoak itsaspasealekuan dagoen Itsasnatura gunera bideratzea planteatu zuen. Bertan, kultur ekimenetarako gunea ere atontzeko aukera dagoela nabarmendu zuen. Bestalde, Eroski saltoki handiaren alboko eraikin bat ere beste kultur azpiegitura posible bat izan daitekeela esan zuen kultura zinegotziak. Jakinarazi zuenez, fabrika zaharra txukundu ostean, hainbat jarduera egin liteke bertan, metro koadro ugari baititu.
Eraikin berria, behar izanez gero, hutsetik hasi beharrean Santa Klara komentua horretarako baliatzea proposatu zuen. Berasaluzek herenegungo bileran jakinarazi zuenez, arkitekto zarauztar batek eraikinaren azterketa egina du, eta hainbat aukera eskaintzen duela ondorioztatu du. Hori dagokionarekin negoziatu beharko litzateke, ordea.
Aurrera begirako lanak
Herenegungo saioan sortu zuten jarraipen batzordeak gaiaren jarraipena egitea du helburu, eta herritarrei emango diren urrats administratiboen berri ematea. Horrez gain, bilerotan sortu ziren eztabaida nagusiez hausnartu beharko dute parte-hartzaileek, Gaztelekuaren eta Modeloren erabileraren inguruan, kasu.
Era berean, bileran bete gabe geratutako hutsuneak izango dituzte eztabaidagai, besteak beste, biltegia, tailerrak egin ahal izateko espazio ertaineko aretoak, 500-600 pertsona hartuko dituen auditoriuma, biltegia eta grabaketa gelak non prestatu. Eraikin berria egitekotan, horiek kontuan izan beharko liratekeela nabarmendu zuten, eta eraikin horrek askotariko jarduerak hartzeko espazioa izan beharko lukeela.
Azpiegituren erabilen inguruko proposamenak:
Bilera gelak, areto txikiak. Ebro etxeko lehenbiziko solairuan eta Arkamurka eta Pagoeta taldeen Santa Marinako egoitzan.
Hitzaldietarako aretoa. Arkamurka eta Pagoeta taldeen Santa Marinako egoitzan.
Biltegia. Ez da proposamen zehatzik egin. Santa Klarako komentuaren arduradunarekin negoziatu beharko litzateke biltegia bertan jartzeko.
Liburutegia. Sanz Eneako eraikin osoa.
Tailerrak. Itsasnaturan eta Ebro etxean (arte tailerrak).
Erabilera anitzeko espazio hutsak. Ebro etxean.
Auditoriuma. Eztabaida sortu da puntu horretan. Modelo zineman probisionalki edota behin betiko aditoriuma moldatzea, edota Gaztelekuan (Zinema frontoian beharrezko aldaketak egin ostean) egokitzea aztertu beharko da.
Entsegu gelak. Villa Mundako beheko solairuan, Vista Alegreko eskolaurrean, Urdaneta bideko Alproja eta Algara taldeen egoitzan. Horrez gain, anbulatorio zaharrean eta Santa Klara komentuan gela horiek atontzeko negoziatzeko aukera jarri zuten mahai gainean.
Erakusketa aretoak. Villa Manuelan eta Itsasnaturan.
Musika eskola. Anbulatorio zaharrean.
Modelo zinema «berreskuratzeko» apustua egin du PSE-EEk
Modelo zinema «bere gain hartzeko» eskatu dio PSE-EEk Udal Gobernuari. Alderdi sozialistaren arabera, hori litzateke kultur ekipamenduen hutsunea konpontzeko lehenbiziko irtenbidea. PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquezek nabarmendu duenez, eraikinaren jabeekin adostasun batera heltzea «lehentasunezko» auzia da, eraikina hamar urtez alokatu ahal izateko, etorkizunera begira hori «erostea baztertu gabe».
Horretarako, Udal Gobernuak polikulturalaren kontratuak eteteko baliatu asmoa duen diru partida erabili daitekeela nabarmendu du. Jakinarazi duenez, 2012ko aurrekontuetan 250.000 euroko partida gorde du Udal Gobernuak kontratuak bertan behera uzteko. «Ez da beharrezkoa diru kopuru hori egingo ez den eraikin batera bideratzea. Modelo alokatzeko balia daiteke partida hori», dio PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak.
Modeloz gain, beste lau proposamen jarri ditu PSE-EEk mahai gainean. Kultur ekipemanduen inguruan udalak proposatutakoaren antzekoak dira horiek. Batetik, Sanz Enea berrantola daitekeela esan du, eraikin osoa liburutegi bihurtu eta lehenenego solairuan ikasketa gela atonduz. Bertako erakusketa aretoa, berriz, beste lokal batera eramateko proposatu du Vazquezek, Itsasnaturara edota ZAEren egoitzara, esaterako. Adierazi duenez, Sanz Enea eta bi lokalak berrantolatzea «erraza eta kostu gutxikoa» da; lortuko litzatekeen onura, berriz, «izugarria». Bestetik, Santa Klara komentua baliatzeko eskatu du: «Izugarrizko auditorioa egin ahalko litzateke bertan, 250 bat pertsonentzako. Bestalde, leku egokia da akustika aldetik abesbatzen kontzertuak edo antzerakoak antolatzeko». Horretarako, « inbertsio handia» egin beharko litzatekeela kontuan izanda, udalak Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza beharko lukeela gaineratu du .
Bestalde, Eroski ondoko lantegia arte digitalen eta teknologia berrien gune bihurtu daitekeela esan du: «Hutsik dagoen aldea teknologia zentro bilakatu nahi dugu. Bertan erabilera anitzeko gelak eta enpresa berriantzat gunea atondu daiteke. Administrazioen laguntza ezinbestekoa da horretarako».