Hondakinen kudeaketari buruzko bi ekintza izango dira Aste Berdean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko maiatzaren 30a

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da. Hori aprobetxatuz, urtero bezala Aste Berdea ospatuko dute zumaiarrek ekainaren 4tik 10era. Ohi bezala, astebete horretan haur zein helduei zuzendutako askotariko ekimenak izango dira herrian, betiere ekologiari lotuta. Asteartean zein asteazkenean, egun pil-pilean dagoen gaia izango da protagonista: hondakinen kudeaketa. Horri lotuta, bi ekintza interesgarri antolatu dituzte egun banarako. Hilaren 4an Errausketari ateak ixten dokumentalaren emanaldia izango da. Bertan, garai bateko hondakinen kudeaketa, Europan dauden eredu ezberdinak, hondakinak tratatzeko dauden hierarkiak, balorazio energetikoa, errauste plantak beharko lukeen zabortegia, errauste plantak osasunean eta ingurumenean duen eragina, zementuaren sektorearen indarra, atez ateko bilketaren ezaugarriak eta beste hainbat jorratzen dira. Ekainaren 5ean, berriz, Eduard Moreno Canet de Marreko (Bartzelona, Katalunia) ingurumen teknikaria izango da Zumaian hitzaldi bat eskaintzen. Katalunian hondakinak biltzeko atez ateko sistema duen 90 herrietako bat da Canet del Mar eta horren inguruan jardungo da Moreno. Hilaren 7an Argazki Rallyaren sari banaketa egingo dute. Pasa den maiatzaren 19an, larunbatean, egin zuten rallya helduek zein gazteek, eta datorren ostegunean sarituko dituzte lan onenak. Egitaraua Ekainak 4, astelehena -19:00. Errausketari ateak ixten dokumentala emango dute, Aita Marin. Ekainak 5, asteartea -17:30-19:30. Kutsidazu atea hondakinen inguruko jolasa, Algorri Zentroan. -19:00. Atez ate hondakinen bilketa sistema, Kataluniako esperientzia hitzaldia, Alondegian. Hizlaria: Eduard Moreno, Canet de Mar herriko(Bartzelona, Katalunia)  ingurumen teknikaria. Ekainak 6, asteazkena -19:00. Sorgin orratzen sekretuak  hitzaldia, Algorri Zentroan. Hizlaria: Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Iñaki Mezquita . Ekainak 7, osteguna -19:00. Argazki Rallyaren sari banaketa, Algorri Zentroan . Ekainak 8, ostirala -19:00. Zaragozako 2011ko Ecozine zinemaldiaren baitako emanaldia, Aita Marin. Ekainak 9,  larunbata -11:00-13:00. Algorriko jolasa Zumaiako ekosistemen inguruko tailerra, Algorri Zentroan. -11:00-14:00. Baratza balkoian, Beheko Plazan. -Egunean zehar. Algorri Interpretazio Zentroan ate irekiak. Ekainak 10,  igandea -12:00. Jolas eta zilarrezko txartela antzerkia, Aita Marin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide