Lertxundiren «biografia espirituala» osatu dute Aristik eta Markezek

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 30a

Pako Aristi idazle, kazetari eta gidoigile urrestildarrak eta Mikel Markez Aiako kantariak Benito Lertxundiren «biografia espirituala» jaso dute Plazer bat izan duk, Benito! liburuan. Duela sei urte hasitako bazkari-afarietako solasaldien emaitza da aurkeztu berri duten lana, eta Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika Bekaren bidez gauzatu dute proiektua. Liburuaren idazleek adierazi dute Lertxundiren ustez liburua «berritzailea» dela, Euskal Herrian ez delako inoiz modu horretako lanik egin. Aristi eta Markez oriotarrarekin izan dituzten elkarrizketetatik abiatu dira hamaika gairen gainean hausnartzeko. «Benitoren bila aritu diren bi pertsonaren ikerketa» da liburua. Markez eta Aristi «pribilegiatu» sentitzen dira, Lertxundi modu intimoan ezagutzeko aukera izan dutelako. Liburua «sakona» da. Hori hala, Markezek adierazi du ez dela irakurtzeko «erraza» eta «atsegina». «Benitok ez zuen nahi ohiko liburu bat egitea; ez zuen nahi liburua oztopatuko zuen elementurik, irakurle onak testua nahi duelako», adierazi du Aristik. Hori hala izanik, Lertxundiren «joeratara moldatu» behar izan dute. «Jiddu Krishnamurti pentsalariari jarraiki, autoritate bakarra norbera dela defendatzen du oriotarrak. Norberak du konfiantza bere inteligentzian, baina batzuk adimena garatu egiten dute, eta besteak ez». Hala, liburu honetan ere, irakurleak duen adimenaren arabera, sakontasun maila jakin batera iritsiko dela aipatu du Aristik. Lan mardula eta «hibridoa» osatu dute, ipuinak, poesia, eta anekdotak uztartuz. Bazkalondoko tertuliak Aiako bizilagunak eta urrestildarrak «aspalditik» ezagutzen dute Orioko kantaria. «Helburu jakinik gabe» hasi ziren hilero-hilero hiru lagunak elkartzen. Txandaka biltzen ziren; batzuetan Aian, besteetan Orion, eta gainontzekoetan Urrestillan. «Oso hiztun ona da Benito, eta barne mundu oso aberatsa du. Bi edo hiru ordu egoten ginen berarekin, baina laburra egiten zitzaigun, eta beti gehiago egoteko gogoarekin geratzen ginen biok», adierazi du Aristik. Hala, afari zirenak bazkari bilakatu ziren gero, eta berriketaldiak grabatzen hasi ziren. Barneko kontuez gain, Euskal Herriko azken 40 urteetako historia, musika, politika, indarkeria, sexua, maitasuna, haurtzaroa... jorratu dituzte, baina baita arrauna eta itsasoa ere. Hain zuzen, atal hori idazterako orduan Ibon Gaztañazpi oriotarraren laguntza izan dute. Gaztañazpirekin batera, Eñaut Elorrieta abeslaria eta idazle eta pentsalaria izan dira elkarrizketetako gonbidatuak. Lertxundi azken urteetan oso lotuta egon da itsadarrera eta arraunera, eta hori guztia nola bizi duen azaleratu du musikariak, Gaztañazpiren esanetan. «Asko interesatzen zait bere ikuspuntua. Orion arrauna oso modu berezian bizi da, eta herrian arrauna ulertzeko osagarria izan daitezke Benitoren hausnarketak». Berrogeita hamar orduko grabazioak transkribatu ondoren hasi ziren liburua gauzatzen. «Argi genuen forma literarioa eman behar geniola, baina Benitok ez zuen profeta izan nahi, eta bere mezua ez zuen zehatz-mehatz islatzerik nahi». Hala, idazleek eurek egin dute «barne bidaia», urrestildarrak adierazi duenez, eta «hurbilekoak» dituzten kontuak idatzi ditu bakoitzak. «Modu anarkikoan baina era naturalean egin dugu; bakoitzak bere gustuko gaiak landu ditu», aipatu du Markezek. Oinarrian, «askatasun mentala» islatu dutela nabarmendu du honek. «Buruko gimnasia egiten ikasi dugu. Benitok horretan ongi daki, eta gaien inguruko begirada askea izateko aukera eman digu». Izan ere, Lertxundiren bizitzaren gakoa «gogoaren asktasatuna» dela adierazi dute biek. Egileek adierazi dute Lertxundik eman diola liburuari oniritzia. «Benitok ez du aldatu guk idatzitako hitzik; beraz, liburua oso askea da», esan du Markezek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide