Foru Aldundiak ildo estrategikoak aurkeztu ditu

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 30a

  [Uztarria.com] Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea eta Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua; Arantza Ruiz Larrinaga, Parte-hartze arloko zuzendaria; eta Idoia Ormazabal, Bilduren Gipuzkoako batzarkidea, izan ziren herenegun, Sanagustinen, Diputazioak bere jardueraren ildo estrategikoak herritarrei aurkezteko antolatu dituen bileren lehen jardunaldian. Atzo Zarautzen ere beste aurkezpen bat egin zuten. Eskualdez eskualde herritarren proposamenak jaso eta, ondoren, 2013rako foru aurrekontuak lantzeko prozesua da Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duena, Gipuzkoa Berria. Aurreneko bilera horretan agintaldirako ildo estrategiko nagusiak aurkeztu ondoren, herritarren parte-hartzea eta ekarpenak sustatu nahi dituzte foru agintariek. Lau arlo nagusi proposatu dituzte ekarpen eta lehentasun horiek jaso, landu eta eztabaidatzeko: gizarte politika, mugikortasuna, hondakinen kudeaketa, eta garapen ekonomikoa eta fiskalitatea. Urola Erdiko herritarren ekarpenak plazaratzeko beste bilera bat egingo dute; ekainaren 11n da, Azpeitian Sanagustinen, 19:00etan. Orduan, arlo bakoitzeko gaietan sakontzeko eta ekintzak proposatzeko lantalde bana eratuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide