Zumaiako Udalak Urola itsasadarra berreskuratzeko plan berezia abiatuko du

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 30a

Zumaiako Udalak Urola itsasadarra berreskuratzeko plan berezia egingo du datozen hilabeteetan. Horretarako, Ekolur enpresarekin arituko da elkarlanean, eta herritarrekin parte hartze prozesua abiatuko du. Hala, adierazi dutenez, guztien artean zehaztuko dute datozen urteetan itsasadarreko eremuak babesteko moduak. Udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak Urola itsasadarra «interes orokorreko gune» izatetik «kontserbazio bereziko gune» izatera pasatzera proposatu duela. Udalak bat egin du Jaurlaritzaren proposamenarekin, baina erakundeak zehaztu duen eremua are gehiago zabaltzeko eskatu du. Honen arabera, Santiago hondartzako duna eta padura dira «garrantzizko» eremua; halaber, Beduako irla eta Egurkoko baratzak, eta Garbigunetik Zumaiara doan zabalgunea nahi ditu berreskuratu. Zumaiako Udalak muga batzuk ezarri ditu babesteko guneak identifikatzeko, eta artadiak izango ditu babesgune. Beraz, itsasadarretik Oikia auzora bitarteko eremu guztia hartuko dute, eta ibaiaren inguruak ere babesteko guneak izango dira. Tekniko eta zumaiarren artean Plan berezia sortzeko egitasmoan 76.500 euro inbertituko du udalak, eta zortzi hilabetean egingo du parte hartze prozesua. Horretarako, mahai teknikoa osatuko dute, eta azterketa teknikoa eta proposamenak egingo dituzte. Horrez gain, herritarren artean beste talde bat osatuko dute, eta horien zeregina izango da mahai teknikoak egin dituzten proposamenak aztertzea. Iritziak eman eta ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Azkenik, mahai teknikoak herritarren proposamenak jasoko ditu, eta horiek «bideragarriak» diren aztertuko ditu. Hala, udalak datorren urtean jakinaraziko ditu prozesu osoan hartutako proposamen zehatzak, eta 2014ean plana aurrekontuetan sartzeko asmoa du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide