
Imanol Urdanpilletak hainbat akuarela jarri ditu erakusgai Garoa liburudendan (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)
Umea zapata berriekin bezala. Imanol Urdanpilleta margolari zarauztarrak 37 urmargo edo akuarela bildu ditu Garoa liburudendako beheko aretoan, eta pozez zoratzen dago horiek erakusteko eman dioten aukerarekin. «Urte eta erdian landutakoak dira, eta denetariko gaiak jorratu ditut», dio margolariak. «Gaitegi bat menderatu ahala, beste batera pasatzen nintzen, margogintza irakasleak hala bideratuta».
Hori horrela, hainbat sail aurkituko ditu bisitariak erakusketan: loreak eta landareak; Zarauzko txokoak (Lege Zaharren enparantzako arkupeak, Barren plaza, Villa Mundako lehoietako bat, moila eta txalupak, parrokiko aterpea, merkatuko plaza…); fantasiazkoak edo mitologikoak, Arrantzalearen espiral logaritmikoa eta Venusen pentakulua bezala; Aiako Iturran parkeko paisaiak; eta abstrakzioak ere bai.
Irudimena lantzerakoan, Federico Garcia Lorcaren olerkietan oinarritutako lau margo ditu erakusgai, aretoko zutabean. «Bakoitzak bere olerkia darama, eta horiei buruz marraztu ditut». Hasieran, ordea, Xabier Lizardiren idatziekin egin nahi izan zuen, baina euskal idazlearen liburuak etxean topatzen ez zituenez, Lorcarekin animatu zen. «Hurrengo erronka Lizardirekin izango da. Torre Luzeako parketik pasatzen naizenean, haren olerkia irakurtzen du aulkian, baina ez da bila nabilena».
Hiru hamarkada geroago
Honako hau ez da Urdanpilletaren lehen erakusketa. Bigarrena du, hain justu ere. Begirada luzea egin behar da estreinakora iristeko; izan ere, duela 30 urte pasatu da Sanz Enea kultur etxean erakutsi zuenetik. Olio-pinturak jarri zituen orduan. «Urmagoekin duela bi urte hasi nintzen, erretiroa hartutakoan». Probatu nahi izan zuen, eta «izugarri» gustatu zitzaion: «Olio-pinturarekin ere jarraitzen dut. Astean behin Iñigo Ormazabalen estudiora joaten naiz. Bestalde, Ebro Etxera ere joaten naiz, astean beste egun batez, akuarelarekin trebatzera».
Erakusketa batetik bestera hiru hamarkada igaro badira ere, margolari zarauztarra ez da geldirik egon bolada luze horretan: «Tarteka margotzen jarraitu dut nire estudioan, baina ez orain harrapatu nauen bezala. Gaur egun, lana balitz bezala aritzen naiz, egunero-egunero. Lehengo zaletasuna berriz piztu zait».
Margozale «amorratua» izan da betidanik, eta erretiroa hartu zuenetik, berriro heldu dio zaletasunari. Gauza batak bestea ekarri zuen, eta erakusketa bera ere horren jarraipena izan da. «Ebro Etxeko arduradunek Garoa Liburudendakoekin hitz egin zuten, eta ea ikastarotan aritzen garenon artean norbaitek erakutsiko ote zuen galdetu zieten. Nire irakasleak margolan asko nituela erantzun zien». Erakusketa ikusi nahi duenak, ekainaren 12ra arte izango du horretarako aukera.
Hasiera batean, hurrengo Gabonetarako eman zioten data, baina hitzartutako erakusketa batek kale egin eta Urdanpilletarengana jo zuten. «Oso pozgarria izan da herritarren aurrean nire lana erakutsi ahal izatea. Egia esan, ez nintzen gogoratzen erakusketa bat jartzea zer zen. Garai hartako oroitzapen onak ditut». Eta orain ere istorioa errepikatzen ari da. «Liburudendakoek esaten didatenaren arabera, jende asko etorri omen da erakusketa ikustera. Haiek gustura daude, eta niri ere poz handia ematen dit».
Erakusketari esker, margolan batzuk saldu ditu eta pare bat enkargu ere egin dizkiote jada. Horretaz gain, aurrerantzean jarraitu nahi dituen ildoen berri eman du: «Internet bidez, munduko akurelagile onenak ezagutzen ari naiz, eta antzeman diet erabiltzen duten teknikaren nondik norakoak eta hortik joko dut».
Diseinu industriala izan du lanbide, orain arte, eta margotzea eta dekoratzea eguneroko ogi izan ditu. Alde horretatik, «marrazketa menderatzen dut, baina urmargoek abstrakzio gehiago eskatzen dute, freskoagoa delako. Margoek argazkiak dirudite askotan, eta urmargoekin solteago margotu behar da. Beraz, garapen horren bidean noa».