Eroskin bi ordutik gora aparkatzeagatik ordaindu egin beharko da udatik aurrera

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko maiatzaren 30a

Udatik aurrera Eroski saltoki handiko aparkalekuan autoa bi ordu baino gehiagoz uzteagatik ordaindu egin beharko da. Lehen bi ordutan, ordea, doan aparkatu ahalko da. Zarauzko Udaleko herrilan zinegotzi Mikel Goenagak jakinarazi duenez, denbora horretan bezeroek erosketak egiteko astia izango dute saltoki handian zein inguruetako dendetan. Autoa denbora luzez bertan aparkatu nahi dutenek, berriz, ordaindu egin beharko dute. Saltokia itxita dagoenean (21:00ak eta 09:00ak bitartean) edota jaiegunetan, ordea, aparkatzea libre izango da; ez da ordaindu beharko. Eroskik eta Zarauzko Udalak sinatu berri duten hitzarmenaren ondorioetako bat da hori. Aipatu lankidetza akordioaren helburua saltoki kanpoan txandakako aparkaleku sistema finkatzea da, besteak beste. Aparkalekuak bi eremu ditu, gune homogeneo batean bateratuta: bata Eroskirena da, pribatua, eta bestea publikoa, udalari dagokiona (Araba kaletik gertuen dagoen aparkaleku ilara, hain zuzen). Akordioak jasotzen duenaren arabera, biak espazio berean elkartzen direla eta, orain arte ezin izan da txandakako aparkaleku sistema ezarri gune horretan. Ondorioz, aparkalekua kolapsatu egiten zen, bereziki udan; izan ere, hainbat herritar zein bisitarik bertan uzten zuen autoa denbora luzez, doan. Arazoa areagotu egiten zen, gainera, zenbaitek bigarren eskuko ibilgailuak salgai jartzen zituztelako bertan, batez ere, jabari publikoko gunean. Duela hilabete batzuetatik horren aurkako ordenantza bat indarrean badago ere, bertan uzten zituen jendeak autoak, saltzeko. [...]

Eroskiko aparkalekua

Eroski saltoki handiko aparkalekua. Hesi batez bananduta daude gune publikoa eta pribatua (Argazkilaria: Amaia Ventas)

Udatik aurrera Eroski saltoki handiko aparkalekuan autoa bi ordu baino gehiagoz uzteagatik ordaindu egin beharko da. Lehen bi ordutan, ordea, doan aparkatu ahalko da. Zarauzko Udaleko herrilan zinegotzi Mikel Goenagak jakinarazi duenez, denbora horretan bezeroek erosketak egiteko astia izango dute saltoki handian zein inguruetako dendetan. Autoa denbora luzez bertan aparkatu nahi dutenek, berriz, ordaindu egin beharko dute. Saltokia itxita dagoenean (21:00ak eta 09:00ak bitartean) edota jaiegunetan, ordea, aparkatzea libre izango da; ez da ordaindu beharko.

Eroskik eta Zarauzko Udalak sinatu berri duten hitzarmenaren ondorioetako bat da hori. Aipatu lankidetza akordioaren helburua saltoki kanpoan txandakako aparkaleku sistema finkatzea da, besteak beste.

Aparkalekuak bi eremu ditu, gune homogeneo batean bateratuta: bata Eroskirena da, pribatua, eta bestea publikoa, udalari dagokiona (Araba kaletik gertuen dagoen aparkaleku ilara, hain zuzen). Akordioak jasotzen duenaren arabera, biak espazio berean elkartzen direla eta, orain arte ezin izan da txandakako aparkaleku sistema ezarri gune horretan. Ondorioz, aparkalekua kolapsatu egiten zen, bereziki udan; izan ere, hainbat herritar zein bisitarik bertan uzten zuen autoa denbora luzez, doan. Arazoa areagotu egiten zen, gainera, zenbaitek bigarren eskuko ibilgailuak salgai jartzen zituztelako bertan, batez ere, jabari publikoko gunean. Duela hilabete batzuetatik horren aurkako ordenantza bat indarrean badago ere, bertan uzten zituen jendeak autoak, saltzeko.

Tiket bidezko sistema
Hitzarmenaren ondorioz, udalak saltokiari laga dio gune publiko hori —ez da jabez aldatu; udalarena izaten jarraitzen du gune publiko horrek— , berak kudea dezan aparkalekua. Eroskik aparkalekuaren erabilera tiket sistema baten bitartez kudeatzea erabaki du, sarreran hesi bat ezarriz. Goenagak nabarmendu duenez, Eroskiren helburua ez da «dirua irabaztea», autoak gune horretan pila daitezen ekiditea baizik.

Bost urterako utzi dio udalak Eroskiri gune publikoa, eta urtero luzatu ahalko da hitzarmena, gehienez hamar urte arte. Horren truke, saltoki handiak urtero kanon jakin bat ordaindu beharko dio Zarauzko Udalari, 9.777,24 eurokoa,hain zuzen. 2012ko ordenantza fiskalen araberako kopurua da hori: udalak 16,46 euro kobratuko ditu metro koadro bakoitza saltokiari uzteagatik.

Gehienez hamar urte igarota, Eroskik eremu publiko hori egoera onean itzuli beharko dio erakundeari.

Orgak lapurtzea ekidin
Aparkalekua irekitako barrutia denez, askotan orgak edo karroak lapurtzen zituzten. Horiek gerora herrian zehar uzten zituzten, «kalteak eta zikinkeria eraginez». Hitzarmenari esker, Eroskik orgak eremutik ateratzea ekidingo duen sistema ezarriko du bertan. Herrilan zinegotziak jakinarazi duenez, aparkalekuaren inguruan orgak bertatik ateratzea sahiestuko duen blokeo sistema bat atonduko du saltokiak.

Eroskik, bere aldetik, merkataritza eremutik kanpo bertan behera utzitako orgak jasotzeko konpromisoa hartu du, udal ordezkariek horren berri eman eta 24 orduko epean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide