Agiro Mendi Taldeak antolatuta, igandean Zestoako Mugak Ibilaldi Neurtua izango da; hamahirugarren edizioa da aurtengoa. Bi ibilbide jarri dituzte aukeran: luzea, 36 kilometrokoa, eta motza, 23 kilometrokoa. Aurrez izena emateko aukera jarri dute antolatzaileek www.herrikrossa.com webgunean. Aurrez 10 euro ordaindu behar da parte hartzeko, eta egunean bertan, berriz, 13 euro. Partaide guztiek kamiseta bana jasoko dute opari. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilbide guztian nahikoa jatekoa eta edatekoa egongo da.
Ibilbide luzea 36 kilometrokoa da. Bertan parte hartu nahi dutenek goizeko seiak eta zazpiak bitartean abia daitezke Zestoako plazatik. Udaletxe azpian egongo den mahaian txartela jaso eta ibilbidea hasteko aukera izango dute. Ibilbide luzeko bidea hau da: Zestoa, Sastarrain, Endoia, Presalde, Santuaran, Andutz, Lastur, Lizarpe, Otarre, Aittola, Sastarrain eta Zestoa. Jatekoa eta edatekoa bi tokitan egongo da Santuaranen eta Lasturren.
Ibilbide motza ere antolatu dute Agirokoek; 23 kilometro ditu. Kasu honetan parte-hartzaileek 07:30ak eta 08:00ak bitartean abiatzeko aukera dute, kasu honetan ere Zestoako plazatik. Bide motza honakoa da: Zestoa, Sastarrain, Endoia, Presalde, Santuaran (jatekoa eta edatekoa), Andutz, Beliosoro eta Zestoa. Kasu honetan toki bakarrean jarriko dute jatekoa eta edaria, Santuaranen.
Zestoa parean Urola ibaia garbitzeko bigarren auzolana antolatu dute
Zestoan Urola ibaiaren bazterrak garbitzeko auzolanak segida izango du ekainaren 10ean. Aurreneko saioa joan den maiatzaren 6an egin zuten eta orduan herritarren aldetik jasotako erantzunak bigarren saio bat antolatzera animatu du Zestoako Udala; orduan 45 lagunek hartu zuten parte.
Ekainaren 10ean egingo duten auzolaren bigarren saioan ibaiaren bi zati garbitzeko asmoa dute: Arozena hotelaren atzetik Zubimusu zubira artekoa eta Errotazar baserritik Artzubiako zubira artekoa. Goizeko bederatzietan hasi eta eguerdiko hamabiak bitartean egingo dute auzolana. Lanerako erremintak Udalak jarriko ditu: eskularruak, zabor poltsak eta ibilgailuak. Lana buka-
tutakoan parte-hartzaile guztientzako hamaiketakoa egongo da.
Ekainaren 10eko auzolana antolatzeko ostiralean bilera egingo dute, 18:30ean, Zestoako Kultur Etxean. Ekimenean parte hartu nahi dutenak bilerara gonbidatu dituzte. Horrez gain, auzolan eguna hobeto antolatzeko aurrez izena emateko epea ireki dute. Izena emateko aukera ekainaren 8ra bitartekoa da, Udaleko Ingurumen sailaren bulegoan edota Internet bidez Zestoako Udalaren webgunean.

