Soreasu auzoan urbaninazio lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak. Joan den astean hasi ziren bertan lanean, eta uztailaren bukaerarako amaitzea espero dute. Lanek 170.000 euroko aurrekontua dute, eta Ekin enpresa ari da lanean. Udalak azaldu duenez, auzotarren eskaerei erantzuteko egingo dituzte obrak.
Denon Artean prozesuaren baitan, herritarren proposamenak eta kexak jaso zituen udalak, auzorik auzo egindako batzarren bidez, besteak beste. «Dagoeneko 50 urte baino gehiago pasatu dira auzoa eraiki zenetik, eta urte hauetan guztietan ez da beste lanik egin han. Auzotarrek kexa ugari zituzten horregatik», adierazi dute udaleko arduradunek. Denon Artean parte-hartze prozesuaren baitan udala eta Soreasuko bizilagunak bildu zirenean, auzoarekiko «utzikeria» salatu zuten Soreasukoek, «besteak beste, segurtasun falta, oinezkoentzako lekurik eza, argiztapen txarra, aparkalekuen seinalizazio falta azaldu zituzten, eta baita oinarrizko azpiegituren falta ere».
Espaloiak eta aparkalekuak
Oinezkoen beharrei erantzuteko, Soreasuko 11 eta 12 zenbakidun eraikinetatik hasi, eta 5, 4 eta 3 zenbakidun eraikinen bitartean espaloi-arrapala berria eraikiko dute. Horrez gain, autoentzako aparkalekuak berrituko eta txukunduko dituzte. Lan horiekin, leku horretan euri urekin izaten diren arazoei irtenbidea emango zaiela adierazi dute udaleko arduradunek.
Oinezkoentzako beste bide bat ere egokituko dute, kasu honetan, Soreasuko 4, 3 eta 2 zenbakietatik hasi eta Urola ibaiaren aldera bitartean. Baina lan hori behin-behinekoa dela argitu dute. «Hori irtenbide probisionala izango da. Datorren urtean, lanen bigarren fasean, espaloia egiteko asmoa baitu udalak».