Proposamen sozioekonomikoa-ren baitan krisi ekologikoari aurre egiteko biltzen diren neurriak aurkezteko hitzaldia antolatu dute etzirako Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta Alternatibak. Antoniano aretoan izango da, 19:00etatik aurrera. Aralarreko Aser Lertxundi eta EAko Gorka Novoak emango dituzte azalpenak. LABeko Naiara Carvajal abokatua ariko da, berriz, aurkezle lanetan. Herritarrak eta eragileak gonbidatu dituzte hitzaldian parte hartzera; proposamena den neurrian, herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte.
Pasa den maiatzaren 1ean plazaratu zuten Proposamen sozioekonomikoa Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta Alternatibak. Bertan egungo krisi sistematikoaren jatorria zehatz-mehatz aztertzen da, eta Euskal Herriko gaurko egoeratik abiatuta, bestelako eredu sozioekonomiko bat proposatzen du. Jakinarazi dutenez, proposamen hori «Euskal Herriarentzat alternatiba integrala izateko jaio da eta Euskal Herri burujabe, euskaldun eta kohesionatua» ditu oinarrian, besteak beste.
Interesa dutenek http://irtenbidea.net webgunean eskuratu dezakete aipatu 50 orrialdeko dokumentua.