
I Love Rock kultur elkarteko kideak eta Gari Berasaluze kultura zinegotzia (ezkerretik hasita bigarrena). (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)
Modelo zinema aretoko ateak berriro zabalduko dituzte Rockumentalak! ziklorako. «Duela hiru hilebete itxi zituen ateak Modelok, eta joan den hilabetean Lizardi antzokiak. Bi areto horietan garatzen genituen gure jarduerak. Rockumentalak! Modelorik gabe ulertzen ez ditugunez, zalantzak izan genituen: bertan behera utzi edo aretoko jabeekin akordio batera iritsi. Zorionez, udalaren eta gure kudeaketa lanari esker, lortu ahal izan dugu», adierazi du I Love Rock kultur elkarteko kide Jabi Ibargurenek.
Aurtengoa Zarauzko Musika Dokumental Zikloa antolatzen duten 5. aldia da, eta betiko ildoari jarraituz, kalitatezko lau film emango dituzte astero-astero, ostiral honetatik aurrera. Bob Dylani buruzko bira akustikoa aztertzen duen Don’t look back lan klasikoarekin emango diote hasiera ekitaldiari, eta, hurrenez hurren, Motörhead, The Rolling Stones eta U2 taldeen erraiak ezagutzeko aukera izango dute melomanoek ekaineko ostiraletan. Emanaldi guztiak 22:00etan hasiko dira, eta lau euro kostako dira.
Dokumental saioetarako ez ezik, «Modelo beste kultur jarduera batzuetarako ere egokia dela aldarrikatu nahi dugu», adierazi dute. Ostiral honetako saioan, adibidez, Anari abeslari azkoitiarrak Dylanen eta bere abestiak joko ditu, filmaren ondoren. Kasu honetan, pelikula eta kontzertua ikusteko sarrera bakarra izango da; 5 eurokoa, alegia. Kontzertura bakarrik joan nahi duenari sartzen utziko diete, baldin eta tokirik badago. Horrez gain, ekainaren 9rako kontzertu berezia antolatu dute, Lizardi antzokian. Capsula, The Ganjas eta Last Fair Deal taldeak ariko dira, 22:00etatik aurrera.
Rockaren irudi plastikoa ere erakutsiko du aurtengo zikloak. Zinemaldiak iraun bitartean, Buru-bero margo erakusketa ikusi ahal izango da Modelon bertan. Iban Lafont margolari donostiarrak hainbat musikariri eginiko erretratu digitalak jaso dituzte; besteak beste, David Bowie, Amy Winehouse, Fermin Muguruza, Iggy Pop, Björk eta Kurt Cobain ikus daitezke.
I Love Rock elkartearekin aritzea «gozamena» dela nabarmendu zuen kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. «Badakite zer egiten duten, eta, batez ere, kontuan hartzen dituzte herriko kultur eragileak eta kultur azpiegiturak». Alde horretatik, egiten duten lana eskertu zuen zinegotziak, baita egitasmoa aurrera eramateko finantzazio kudeaketarekin «arduraz» aritzen direlako ere. Azken finean, «egiten duten horretan sinesten dute, pasioz egiten baitute, eta emaitza hori antzeman egiten da».
Kudeaketa berri bat
Aurtengo Rockumentalak! egitasmoak «ziklo berri bati hasiera» emango diola jakitera eman du Berasaluzek. Gaur, kulturako azpiegituren hirugarren eta azken bilera parte-hartzailea egingo dute, eta Zarauzko Udalak Modelo zinema aretoari buruzko hausnarketa eta proposamena jarriko du mahai gainean. «Udazkenetik aurrera, kudeaketa berri batekin eta eskaintza ezberdin batekin, esan dezakegu areto honek ateak zabalduko dituela ia-ia ziur. Beraz, aurtengo Rockumentalak! ez dira izango Modelon egiten den azken ekitaldia». Dena dela, ziklorako antolatu duten kontzertua Lizardin egiten den azken ekitaldia izango da. «Agurreko jai bat izango denez, lehen ilarako aulkiak kendu eta zutik gozatzeko aukera izango da».
Rockumentalak
Ekainak 1, ostirala
-Don’t Look Back. Bob Dylan musikarari buruzko dokumentala. 22:00etan, Modelon. Aurkezlea: Eduardo Ranedo. Ondoren, Anariren kontzertua.
Ekainak 8, ostirala
-Lemmy. Motörhead-eko liderrari buruz. 22:00etan, Modelon. Aurkezlea: Gonzalo Ibañez.
Ekainak 9, Larunbata
-Capsula, The Granjas eta Last Fair Deal. Hiru talde hauen kontzertua, 22:00etan, Lizardi antzokian. Sarrera: 5 euro.
Ekainak 15, ostirala
-Gimme Shelter. The Rolling Stones taldearen 1969an AEBetako bira. 22:00etan, Modelon. Aurkezlea: Mikel Azpiroz.
Ekainak 22, ostirala
-Rattle and Hum. U2 taldeak Joshua Tree diskoa aurkezteko AEBetan egindako bira. 22:00etan, Modelon. Aurkezlea: Carlos Molina.