Hondakinak: Zumaiako Udal Gobernua «gustura» dago bilerek izandako erantzunarekin

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 29a

Zumaiako Udalak amaitu du herritarrekin hondakinen bilketaren inguruan egindako bilera erronda, eta honen arabera, 450 lagun baino gehiago bildu dira batzarretan. Hala, udal gobernua «gustura» dago deialdiak izan duen erantzunarekin. «Argi gelditu da guztion nahia eta puntu komuna bera dela: birziklatzea». Honen helburua hondakinak «murriztu, berraribili eta birziklatzea» izanik, «sistema aldatzea» beharrezkoa dela deritzote, eta hori lortzeko «lanean» ari direla diote. Larunbatean Usurbilera joango dira, atez atekoa bertatik bertara ezagutzera; 08:00etan irtengo dira, Txomin Agirre kaitik, eta izena 943 86 50 25 telefonoan eta turismo bulegoan eman daiteke. Autobusa doan da.   GUTUNA: Zumaia Zero Zabor Zumaiak aurrera darrai. Zorionak! Bi hilabete eskas dira Zumaiako Udalak hondakinak modu selektiboan bildu eta birziklatzea %80ra igotzeko konpromisoa hartu zuenetik. Denbora honetan herritarrak informatzen aritu dira alkatea eta zinegotziak: bilketa nola egiten den, helburuak zein diren... Lan handia eta zaila izan da, eta guk gure esker ona helarazi nahi diegu. Bilera horietan ehunka lagun izan gara, eta zuzen-zuzenean jaso dugu informazioa. Lehendik animatuta geundenok indar handiagoa dugu orain aurrera egiteko, eta beldurrez eta ezkor zeudenek, berriz, lasaitu ederra hartu dute, aurrez entzundako hainbat eta hainbat informazio okerrak zirela ohartu ondoren. Orain gu guztion lana da egia kontatzea. Kalean ahoz aho dabiltzan hainbat eta hainbat uste ustelen ordez egia ikusarazi eta zabaltzea, beldur direnak lasaitzea, denon artean egin behar dugu. Usain txarra egongo dela, kaleak zikin ikusiko direla, deserosoagoa izango dela, arratoiak ugarituko direla, garestiagoa izango dela… Hori guztia gezurra dela erakutsi eta demostratu digute. Egin dezagun egiaren katea denon artean, eta erakutsi dezagun zein izango diren gure herriak jasoko dituen onurak. Ekainaren 2an Usurbilera joateko autobusa antolatu du udalak doan. Aukera ezinhobea dugu denok egia bertatik bertara ikusi eta gure herrian izango dugunaren berri zuzen-zuzenean jasozeko. Iritsi da nahita zabaldu diren informazio okerrak zuzentzeko garaia. Norberaren ardura da egia ezagutzea, eta engainatzen ibili diren horiek agerian uztea. Guk gure aldetik lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Murrizketaren, berrerabilpenaren eta birziklapenaren alde egiten jarraituko dugu, eta horrekin bat egiten duen oro beso zabalik hartuko dugu. Eta gogoratu: hondakinik onena, sortzen ez dena!!!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide