Sanjuandegin mantangorria festarako prestatzen hasi da

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 29a, 09:56

Festa giroa nagusitzen hasi da Sanjuandegin, eta amona mantangorriren etorrera prestatzen ere hasita daude Azpeitiko auzoan. Festak ofizialki ostiralean hasiko badira ere, ordura bitartean hainbat ekitaldi antolatu dute Xanjuandegiko auzo elkartekoek. Joan den larunbatean marka guztiak hautsi zituzten lehen Umeen Egunean. Ia 300 haurrek hartu zuten parte egun guztiko festan, eta 30 lagunetik gora ibili zen begirale lanetan, haurrak zaintzen eta ekitaldiak sustatzen. Joan den ostiralean, berriz, festak antolatzen dabiltzanek egitaraua aurkezteko agerraldia egin zuten, eta gaurtik hasi eta ekainaren 10a bitartean izango diren saioen berri eman zuten. Astebururako antolatutako afari eta bazkarietarako txartelak salgai daudela ere esan zuten. Txartelak Niza, Izaro, Jim Clark eta Orkatz tabernetan, Baigera II elkartean eta Sanjuandegiko Iluntze auzo lokalean erosi daitezke. Festetan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko ahalegina egingo dutela azaldu dute: «Zero Zabor herri ekimenarekin bat eginez edalontzi berrerabilgarriak erabiliko ditugu». Horrez gain, festa giroa sustatzeko maindireak, kamisetak eta zapiak jarri dituzte salgai. Bai auzotarrak eta baita gainontzeko herritarrak ere festez gozatzera eta parte hartzera animatu dituzte.   Sanjuandegiko festa egitaraua Maiatzak 29, gaur 22:00. Idiazabalgo txiste kontalariak, Garoa tabernan. Maiatzak 30, bihar 20:30. Xebaxtian Lizaso eta Julio Sotorekin bertso-afaria, Baigera II-n. Maiatzak 31, etzi 21:00. Mus txapelketa azkarra, Ongi Etorri erretegian. Izena ematea 21:00etatik 22:00etara izango da. Bikoteko 30 euro. Irabazleek 600 euro, txapelak eta garaikurra jasoko dituzte; bigarrengoek, 400 euro eta garaikurra; hirugarrengoek, 250 euro; eta, laugarrengoek, 150 euro. 21:00. Mozorro gaua, Garoa eta Jim Clark tabernetan. Ekainak 1, ostirala 18:30. Irekiera luntxa, Iluntze auzo lokalean. 19:30. Amona Mantangorriren jaitsiera, umeen koreografiarekin lagunduta. 19:35. Erraldoi eta buruhandiak Juan Antxieta musika eskolako haurrek lagunduta. 21:00. Gazte afaria. 23:00. Aretoko dantzen erakustaldia Jose Mari Orbegozorekin. 23:00. Kontzertuak, karpan: Belar Txarrak, Arkada Social eta Laket. Goizaldean, baratxuri-zopa jana eta barruko arropetan lasterketa. Ekainak 2, larunbata 10:00. Judo erakustaldia, Kimura judo klubekoak, igerilekuan. 12:00. Haur jolasak, Jose Antonio Agirre plazan. 12:30. Triki-pintxo-poteoa. 13:30. Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua. 15:00. Auzo bazkaria. 16:30. Juan Antxieta musika eskolako haurren kontzertua. 18:00. Txokolate-jana. 18:30. Erraldoi eta buruhandiak, Skandalue elektro-txarangak lagunduta. 21:00. Solomo erreketa eta afaria. 22:30. Txalaparta eta flamenkoaren fusioa. 00:00. Kontzertuak: Zea Mays eta MP5. Ondoren,  Referee disko-jartzailea, karpan. Ekainak 3, igandea 06:00. Txokolate-jana. 07:00. Sokamuturra. 09:00. Salda eta hamaiketakoa. 12:00. Dantzari txikien emanaldia. 16:30. Haurrentzako poni eta zezenak. 18:30. Herri kirolak, Ainhoa Alberdiren estreineko plazaratzea. 20:00. Amona mantangorriren igoera. Ekainak 10, igandea 11:00. Haurren eskolarteko V. krosa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide