
Jendetza bildu da goizetik Getarian, Euskal Jai Egunerako ekitaldi anitzez eta giro onaz gozatzeko. Ilada luzeak sortu dira sagardoa txotxetik edateko, baita sardinak parrillan erreta jateko ere, herriko frontoian. Ikusmiran ibili da jendea artisau postuetan, eta dantzan dozenaka lagun udaletxe parean. Bertan egin dute irrintzi lehiaketa ere. Gaztetxoen artean Aimar Iraolak irabazi du, eta helduen artetik Eneritz Manterolak. Txapel bana jaso dute Nika Lertxundi alkatearen eskutik. Espontaneo batek ere bota du irrintzia, bildutako jendearen barre algarak eraginez. Haurrentzako, berriz, jolasak prestatu dituzte frontoi atzean.







