Andatzatik Aiarako auto igoera jokatuko da larunbatean

Karkara.eus 2012ko maiatzaren 25a

Errepidea itxita egongo da Aia eta Andatza artean 13:30etatik 20:00etara

Larunbatean, maiatzaren 26an, Andatzatik Aiarako auto igoera, Rallya, jokatuko da Lagun-Artea automobil-taldeak eta Uhartemulo elkarteak antolatuta. Proba Mendiko Euskal Txapel...

Errepidea itxita egongo da Aia eta Andatza artean 13:30etatik 20:00etara

Larunbatean, maiatzaren 26an, Andatzatik Aiarako auto igoera, Rallya, jokatuko da Lagun-Artea automobil-taldeak eta Uhartemulo elkarteak antolatuta. Proba Mendiko Euskal Txapelketarako puntuagarria da. 15:30ean hasiko da entrenamendu saioa eta ondoren bi txanda ofizial jokatuko dituzte gidariek.

Zabaleta faborito

50 pilotu arituko dira eta rallyak bi atal izango ditu: turismoak eta jarleku bakarreko ibilgailuak. Eserleku bakarrekoetan, Aitor Zabaleta da faborito. Gaur egun Mendiko Euskal Txapelketako garaile da eta azken hiru ekitaldietan txapeldun izateaz gain, errekorra ere badu. Lola BMWarekin hartuko du parte eta Zabaletari lehen postua kentzeko lehian arituko dira honako gidariak: Ruben Nogueiras, gaur egun txapelketan buru dena; Aitor Arakistain; Joseba Iraola; Xoan Sanmartin eta Iker Barruetabeña. Ibilgailu ikusgarriak ekarriko dituzte Aiara eta euria izanez gero gauzak zailduko dizkiete Zabaletari antolatzaileen esanetan.

Turismoetan ez dago faborito nagusirik, baina irabazteko aukera dutenen artean daude Iñaki Alberdi, Aitor Ramirez eta David Ardions. Aitor Ramirez maila horretako Euskal Herriko txapelduna da, baina beste biak ere oso pilotu handiak direla eta guztia eman beharko duela diote antolatzaileek. Bestalde, kontuan hartu behar dira Joseph Duperou, Michel Iribarren, Toni Evangelista eta Marcos Compaire.

Segurtasuna

Goizean, 10:00etan, Andatza auzoan, autoen egiaztatze tekniko eta administratiboak egingo dituzte. Rallya dela eta, GI-3710 errepidea, Aia eta Andatza auzoen artean, 13:30etatik 20:00etara bitartean itxita egongo da. Beraz, Aiara joateko gainontzeko bideak irekita egongo direnez, handik joan beharko dira lasterketakoak ez diren beste ibilgailuak. Bestalde, antolatzaileek honako oharra eman nahi diete zaleei: proba ikusteko leku seguruetan jarri eta inoiz ere ez antolatzaileek zinta gorriz markatutako tokietan. Horrez gain, bidean izango diren komisarioen adierazpenak bete proba arazorik gabe egin ahal izateko.

Pilotuek lortutako denborak saretik jarraitu ahal izango dira www.lagunartea.com gunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide