Euskal Jaia ospatuko dute bihar getariarrek eta udalerrira gerturatzen direnek. Ez da aspertzeko betarik izango; izan ere, askotariko jardunaldiak izango dira. Eguerdian, esaterako, irrintzi lehiaketa jokatuko dute. Bi mailatan lehiaktu ahalko dira: helduak (14 urtetik gorakoak) eta gaztetxoak (14 urtez azpikoak). Lehiaketa irekia da, eta beraz, “festetan, ospakizunetan, koadrilan …. irrintzika ibiltzen den horietakoa bazara, zure dohaia neurtzeko aukera paregabea duzu Euskal Jai egunean”. Bota beharreko irrintzia parte-hartzaile bakoitzaren aukerakoa izango da moduari, iraupenari eta gainerako ezaugarriei dagokionez. Getariako plazan izango da hitzordua, 13:30ean.
Hona hemen asteburuko egitaraua:
Maiatzak 26, larunbata. Euskal Jaia
09:00etan Goiz soinua, Getariako txistulariekin (Gazte Alaiak eta musika eskolako eta herri eskolako txistulariak).
10:30etik 14:00etara Frontoian, azoka.
11:30ean Harritarten, Baserriko kirolen jaia, Kulki taldearekin.
12:00etatik aurrera Sardin jana eta sagardoa txotxetik.
12:00etan Musika eskolako trikitilariak, kalez kale.
13:00etan Plazan, banakoa eta beste dantzak, Gazte Alaiak txistulariekin.
Ondoren, Helduen eta gaztetxoen Irrintzi Lehiaketa, plazan.
17:30ean Katrapona plazan, Trikitilari Gazteen Getariako XIII. Txapelketa.
19:30ean Plazan, Larrain Dantza eta beste plazako dantzak, Arrrasateko gaiteroekin.
Ondoren Kantu poteoa Gazte Alaiak txistulariekin, Kale Nagusian hasita.
23:00etan Herriko plazan, Laja eta Narbaiza trikitilariekin erromeria.
Maiatzak 27, igandea
12.00etan Herriko frontoian, Gure Txeruko XXXIV. Eskuz Binakako Pilota Txapelketako finala.
12.30ean Berdura plazan, Musika Eskolako Elkano haur eta helduen abesbatzaren emanaldia.