Metal Instrumentuen Topaketak hartuko du Zumaia, gaurtik igandera arte. Egitasmoa Txori-Txiki musika eta dantza eskolak eta Zumb Zumaiako Musika Bandak antolatu dute, Musika Patronatoaren laguntzarekin, eta metalezko haize-instrumentuak ezagutaraztea eta bultzatzea du helburu. Aurtengoa topaketa antolatu duten bigarren aldia da. «Duela bi urte egin genuen lehena, eta iaz ezin izan genuen aurrera atera. Aurten berreskuratu egin dugu, eta, gainera, ikastaroa gehitu diogu. Beraz, ikasleek klase indibidualak jasotzeko aukera izango dute», adierazi du musika eskolako irakasle eta topaketetako koordinatzaile Susana Plumedek.
Ia 30 lagunek eman dute izena egitasmoan. Erdia zumaiarrak dira, musika eskolako ikasleak eta musika bandako kideak; beste erdia, berriz, Azpeitiko, Aretxabaletako, Hondarribiko eta Oñatiko musikariek osatuko dute. Klaseak larunbatean eta igandean emango dituzte, goizez eta arratsaldez. Penthaponia Brass metal boskote nafarra gonbidatu dute ikastarora, eta bertako taldekideek ariko dira irakasle lanetan. Gisa horretan, «ikasleek beste ikuspegi bat jasotzeko aukera dute,
master-class bat balitz bezala». Larunbat arratsaldean, gainera,
Musika amerikarra izeneko kontzertu didaktikoa eskainiko du taldeak, Oxford aretoan.
Metal instrumentuak sustatzeaz eta dinamizatzeaz aparte, herritarrengana gerturatu nahi dituztela adierazi du Plumedek: «Musika tresna ezezagun samarrak dira. Guztiek ezagutzen dute tronpeta, baina gutxi batzuk bereizten dute tronpa, bonbardinoa edo tuba». Hori horrela, eta topaketa biribiltzeko, ikasleek eta irakasleek kontzertu bateratua eskainiko dute igande arratsaldean, Mari kalean. Besteak beste,
James Bond, Rocky eta
Indiana Jones filmetako soinu bandak interpretatuko dituzte.
Rockumentalak 2012
Maiatzak 25, gaur
-Arratsaldean. Metalezko instrumentuei buruzko hitzaldi-bilera, Susana Plumed irakaslearen eskutik, Musika Eskolan.
-22:30ean. Kafe Musikala, Oxford aretoan (Alondegian), ZUMB Zumaiako Musika Bandaren eskutik.
Maiatzak 26, bihar
-10:00etatik 14:00etara. Klaseak eta entseguak, Musika Eskolan.
-16:00etatik 18:30era. Klaseak eta entseguak, Musika Eskolan.
-19:30ean. Pentaphonia Brass talde nafarrak
Musika amerikarrak izeneko kontzertu pedagogikoa eskainiko du, Oxford aretoan (Alondegian).
Maiatzak 26, etzi
-10:00etatik 14:00etara. Klaseak eta entseguak, Musika Eskolan.
-16:00etatik 17:30era. Klaseak eta entseguak, Musika Eskolan.
-18:30ean. Metal Instrumentuen Topaketako irakasle eta ikasleen ikastaro amaierako kontzertua, Mari kalean.