Gaur inauguratuko dute Balentziaga museoan erakusketa berria, eta larunbatetik aurrera izango da ikusgai. 70 soineko «ezezagunek» osatzen dute bilduma berria. Cristobal Balenciaga Fundazioko zuzendari Javier Gonzalez de Duranak jakinarazi duenez, aurreko erakusketa egonkorreko soinekoak «ikusgarriagoak eta mediatikoagoak» ziren; bihartik ikusi ahalko direnak, berriz, duten «kalitateagatik» aukeratu dituzte. «Garrantzitsuena pieza bera da, ez norentzat egin zuen».
Era berean, bilduma berria «homogeneoagoa» dela nabarmendu du. «Kronologia jarraiagoa du; 1920 eta 1950eko hamarkadetako soineko eta jantzi gehiago ditu. Hain zuzen, 1950eko hamarkadan sortu zuen gehien Balentziagak, eta orduantxe indartu zen nazioartean. Bildumaren azken pieza horiei esker berrikuntza teknikoak ezagutu ahalko ditu bisitariak».
Berrikuntza horiek, hain zuzen, «sinpletasun handiagorantz eta formen garbitasunerantz garatzeko aukera» eman zioten jostun handiari. Hori dela eta, getariarraren lanaren bilakaeraren lekuko izan eta haren lanaren irakurketa «koherente eta osatuagoa» egin ahalko du bisitariak.
Era berean, ikuspuntu didaktikoan sakondu ahalko dute museora gerturatzen direnek. Balentziagaren lanaren ezaugarrien berri izateaz gain, bere lana egituratu zuten irizpideak, bere lanaren atzean dauden eragin artistiko eta estetiko nagusiak, eta moda munduari egindako ekarpen tekniko eta artistikoa ezagutzeko aukera izango dute.

Cristobal Balenciaga Fundazioko zuzendari Javier Gonzalez de Durana eta Miren Arzallus erakusketako komisarioa, pieza berriak ikusten (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Antolaketari dagokionez, aurrekoaren irizpide berarekin atondu dute erakusketa berria. Hala, sortzailearen ibilbidearen hastapenetatik 1938ra bitarteko lanak jasotzen dituen areto bat egongo da ikusgai; lau soineko motari (egunekoak, gauekoak, koktelekoak eta ezkongaienak) buruzko areto monografiko bana, eta Balentziagaren sortzeko moduaren funtsezko ezaugarriak biltzen dituen beste areto bat.
2013ko udaberrira arte izango dira piezok ikusgai Getariako museoan. Orduan aldatuko dute erakusketa, eta fundazioko funtseko beste zenbait piezak ordezkatuko dituzte egungoak.
Ibilbide labur eta oparoa
Balentziaga museoak urtebete beteko du datorren ekainaren 10ean, eta denbora horretan ibilbide «labur bezain oparoa» izan duela adierazi du Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Ez dela «erraza» izan gogoratu du, baina emaitzarekin «gustura eta harro» dagoela. Guztira, ia 100.000 lagunek bisitatu dute museoa urtebetean, «Balentziagaren irudiak erakarrita».
Lehenengo urteurrena behar bezala ospatze aldera, hainbat ekimen antolatu dute datozen hilabeteetarako. Hala, aldi baterako erakusketak, festak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira gaurtik ekainaren 16ra bitartean, besteak beste.

