Belaunaldien artean zubiak eraikitzeko asmoz, jaia egingo dute bihar Orion

Ane Olaizola 2012ko mai. 25a, 11:01

Matia fundazioak, Orioko Udalaren eta herritarren laguntzarekin, Belaunaldien Arteko Eguna antolatu du biharko, adinduen eta gazteen arteko harremanak sendotzeko asmoz. Aitziber Indart Matiako kideak adierazi du belaunaldien arteko distantzia gero eta handiagoa dela. Horri aurre egiteko, adinduak eta gazteak elkartuko dira bihar Orion. Belaunaldien Arteko Nazioarteko Eguna izanik, Orion ez ezik, munduko hainbat txokotan antzeko ospakizunak izango direla jakinarazi du Indartek. Goizean, hainbat ekitaldi izango dira. Gazteak eta helduak dantzan ariko dira kaleetan, trikitixa eta txistulariekin, 11:30ean. Ondoren, mandalara tailerra izango da plazan, eta amaitzeko bi belaunalditako bertsolariak arituko dira kantuan; Egoitz Eizagirre eta Patxi Etxeberriak eskainiko dute saioa, hain zuzen. Horrez gain, antolatzaileek kamisetak jarri dituzte salgai. Azken egunetan Itziar Kirolak dendan eta Orioko Turismo Bulegoan saldu dituzte, baina bihar ere izango da erosteko aukera, herriko plazan, hiru euroren truke. Antolatzaileek adierazi dutenez, herritar askok hartu dute parte Belaunaldien Arteko Eguna prestatzeko, eta elastikoak erosterako orduan «mugimendua» antzeman dutela adierazi dute; zentzu horretan, gustura daude antolatzaileak. Indartek uste du garai batean «lotuagoa» bizi zirela belaunaldiak, eta eredu horretara itzultzeko lanean dihardu erakundeak. Horren erakusgarria izango da biharko festa, baina aurretik ere egin dituzte belaunaldiak lotzeko proiektuak herrian. «Askotan ez gara ohartzen helduek asko dutela emateko, jakintza asko baitute. Bakoitza bere espazioan bizi da, eta egitasmoaren bitartez, erakutsi nahi dugu guztiek dutela elkarrekin zerbait egiteko aukera». Hala, Orioko Esperientzia Eskolaren eta Orioko Herri Ikastolaren artean proiektu bat jarri zuten abian duela hilabete batzuk; helduek eta gazteek elkarrekin «harreman zuzena» eduki dezaten, belaunaldi batekoek bestekoei hainbat gauza erakusten dizkiote. Esperientzia Eskolako ikasleek josten, sukaldean egiten eta plantxatzen erakusten diete gazteei; haiek, berriz, informatika, ingelesa eta kameren inguruko eskolak ematen dizkiete. Halaber, Matia fundazioak bestelako egitasmo bat ere jarri du abian Orion. Ikastolako ikasleak Orioko Eguneko Zentrora joaten dira, bertako errealitatea ezagutzera. «Adineko guztien egoera ez dela bera ikasi behar dute gaztetxoek». Gero, halako ekimenak herri mailan zabaltzeko asmoa du Matiak, merkataritzan eta elkarteetan ere belaunaldiak gertura daitezen. Oriok ekimenotan esperientzia izanik, antolatzaileek ezagutza hori aprobetxatu dute, eta horregatik antolatu dute biharko ospakizuna herrian. Hala ere, antolatzaileek adierazi dute datozen urteetan egitasmoa beste herrietara zabaltzeko asmoa dutela. Argazki erakusketa, elizan Garai bateko jaunartzeen erakusketa ere ikusgai dago azken asteetan. Orioko elizan orduko argazkiak jarri dituzte, eta antolatzaileek erakusketa ekainera luzatzea erabaki dute. Halaber, saltokietako erakusleihoetan duela hamarkada batzuetako eskola materiala jarri dute. Biharkoaz gain, ekainaren 23an ere hainbat ekitaldi egingo dute herrian. Kirol ekitaldi «sinbolikoak» egingo dituzte Karela kiroldegian, esaterako. Ekainaren 30ean, berriz, produktu osasuntsuen azokan talo postua jarriko dute, eta bertan parte hartzeko ikastaro bat egingo dute. Ikastaroa ekainaren 1etik 15era izango da, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Izena emateko 646-09 87 53 telefonora deitu, edo garazi.elortza@ingema.es helbidera idatzi behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide