Zarauzko Zikloturisten elkarteak XXV. Zarautz-Zarautz Klasika proba antolatu du etzirako, Pedro Larrañagaren oroimenez. Zuberoa kaletik 07:30ean abiatuko da txirrindulari taldea eta eskualdean zein Tolosaldean zehar ariko dira. Duela bi urtera arte Zarautz eta Gernika artean egiten zuten proba; Bizkaiako Trafiko Lurralde Bulegoko ordezkariek, ordea, zenbait baimen ukatu zizkieten antolatzialeei. Ondorioz, lasterketa Gipuzkoan zehar egitea erabaki zuten.
Zarauztik abiatuta, guztira 140 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Zarauztik Zumaiara egingo dute, eta handik Azpeitira, Urraki igota. Bidegoianetik Tolosara helduko da tropela, eta Legorretatik, Itxasondotik, Ordiziatik eta Beasaindik igaroko dira. Mandubia igo ostean, berriz, Urrestillara hartuko dute bidea, eta handik Azpeitira. Etumeta gailurra igo ondoren, Aizarna, Aizarnazabal, Oikia eta Zumaia igaroko dituzte, ibilaldia Zarauzko Lege Zaharren enparantzan amaitzeko.
Ibilbidean zehar hainbat anoa puntu egongo da: likidoa Azpeitian eta solidoak Legorreta eta Itsasondo artean eta Zarautzen, lasterketaren amaieran. Horrez gain, laguntza mekanikorako postuak ere izango dira,e zbeharren bat izanez gero, matxurak konpontzeko. Zerbitzua doan izango da; piezak behar izanez gero, ordea, txirrindulariak berak ordaindu beharko du konponketa.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, txirrindulariek laupabost ordu inguruan egingo dute ibilbide osoa. Ondoren izango da sari banaketa ekitaldia, udaletxeko plazan.
Proba ez lehiakorra
Jakinarazi dutenez, Pedro Larrañagaren omenezko klasika ez da «proba lehiakorra» eta edonork har dezake parte. Bertan parte hartu nahi dutenek www.zarauzkozikloturistak.com webgunearen bitartez eman beharko dute izena, aurrez. Federatuek 18 euro ordaindu beharko dituzte internet bidez izena ematen badute; bazkide ez direnek eta triatletek, berriz, 28 euro.
Egunean bertan ere eman ahalko da izena, lasterketa hasi aurretik. Kasu horretan, federatuek 23 euro ordainduko dituzte eta bazkide ez direnek zein triatletek, berriz, 33 euro. Gehienez 700 lagunek hartu ahalko dute parte, eta beraz, lehenbailehen izena emateko gomendatu dute antolatzaileek.
