Bihar inauguratuko dute Balentziaga museoan erakusketa berria. 70 soineko “ezezagunek” osatzen dute bilduma berria. Fundazioko zuzendari Javier Gonzalez Duranak jakinarazi duenez, aurreko erakusketa egonkorreko soinekoak “ikusgarriagoak eta mediatikoagoak” ziren; bihartik ikusi ahalko direnak, berriz, duten “kalitateagatik” aukeratu dituzte: “Garrantzitsuena pieza bera da, ez norentzat egin zuen”. Era berean, bilduma berriak ibilbide “homogeneoagoa” eskainiko duela nabarmendu du: “Kronologia jarraiagoa du, 1920 eta 1950eko hamarkadetako soineko eta jantzi gehiago daude. Hain zuzen, 1950eko hamarkadan sortu zuen gehien, eta orduantxe indartu zen nazioartean. Bildumaren azken pieza horiei esker berrikuntza teknikoak ezagutu ahalko ditu bisitariak”. Hori dela eta, jostun getariarraren lanaren bilakaeraren irakurketa “koherente eta osatuagoa” eskaintzen du.
Antolaketari dagokionez, aurrekoaren irizpide berekin antolatu dute erakusketa berria. Hala, sortzailearen hastapenetatik 1938ra bitarteko lanak jasotzen dituen areto bat egongo da; lau soineko motari (egunekoak, gauekoak, koktelekoak eta ezkongaienak) buruzko areto monografiko bana eta Balentziagaren sortzeko moduaren funtsezko ezaugarriak biltzen dituen beste areto bat.
2013ko udaberrira arte izango dira piezok ikusgai museoan.
