Urola Kostako Udal Elkarteak gazte talentudunen ihesari aurre egiteko proiektua jarri du martxan, eskualdeko lehiakortasuna hobetzeko garatzen ari den planaren baitan. Udal Elkarteak adierazi du Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian hogeitabost eta hogeita hamabost urte bitarteko gazteen proportzioa «handia» dela, eta horien kualifikazio maila «oso altua» dela jakinarazi du. Erakundearen arabera, ordea, gazte asko atzerrira edo beste eskualdeetara joaten dira, eta horrek hainbat ondorio eragiten ditu; hala nola, «talentua» esportatu egiten da, eta gazteen ikaskuntzan egindako «inbertsioek» ez dute ordainik jasotzen.
Ondorio horiek saihesteko lau programa garatuko ditu, guztiak ere profesionalen esperientzia eta gazteen prestakuntza uztartzeko asmoz. Metoring programa hasiko dute martxan, gazteek enpresa bat sortu dezaten. Gazteak horretarako ideia baldin badu, profesionalek aholkuak emango dizkie, eta finantziazioan ere lagunduko die. Bigarren programak enpresaren oinordekoak landuko ditu; hau da, erretiroa hartzera doanak laguntza eskainiko dio gazteari, eta honek ondorengotzaren bideragarritasuna aztertuko du.
Enpresa batek bere negozioa dibertsifikatzeko asmoa baldin badu, gazteak ideia hori aztertuko du, eta bideragarria baldin bada, gazteak enpresaren kudeaketaz arduratzeko aukera izan lezake. Azken programa nazioarteko merkatuan jorratuko dute; profesionalek esportatzen hasteko edo atzerrian lan egiteko intentzioa baldin badute, gazteek horren bideragarritasuna ikertuko du; kasu horretan, gazteek prestakuntza jasoko dute nazioarteko merkataritzan, Urola Kostako Udal Elkarteak eskainita.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako gazteek eta enpresek hartu ahal izango dute parte egitasmoan. Udal Elkarteak, bere aldetik, maiatza eta ekainean informazio saioak egingo ditu eskualdean zehar eta unibertsitatetan; eskualdeko enpresetan ere bisitak egingo dituzte. Programan parte hartzeko eskabideak www.urolakosta.org helbidean daude eskuragarri; eskabideak Udal Elkarteak duen egoitzan aurkeztu behar dira gero, Zarauzko Urdaneta bidea, 6 helbidean. Informazio gehiago lortzeko 943-89 08 08 telefonora deitu daiteke.