Haujijijai! festa herrikoien batzordea aurkeztu dute Azpeitian, herriko eta inguruko auzoetako eta herri txikietako festak lantzeko. «Biziberrituta» dator batzordea, «festa herrikoien batzordean eztabaida sakonak izan eta gero». Eztabaidetatik atera dituzten ondorioak oinarri hartuta, arloetan banatu dute batzordea bera.
Landuko dituzten arloak dira, besteak beste: ingurumena, «zero zabor politika konpromiso bezala hartuta»; parekidetasuna, «jarrera kritiko eta eraikitzailea helburu»; kultura eta artea, «eskaintzan berritasunak bultzatuz»; gatazka politikoa, «jarrera aktiboa sustatuz»; festa euskaldunak, «horretan pausoak emateko konpromisoa hartuz»; eta, «erakundeekiko jarrera kritikoa eta eraikitzailea». Horrez gainera, festetako aurrekontuaren kudeaketa gardena eta zorrotza izan dadin eskatuko dute.
Herriko jaiak herrikoiago egiteko lan egingo dute, eta herri txikietako eta auzoetako festen aldeko apustua egingo dutela nabarmendu dute Haujijijaikoek. Festak herrikoiagoak izan daitezen jai batzordeak auzolana sustatuko du. «Aldarrikatzen ditugun festa herrikoiak ilusioarekin eta konpromisoekin lortuko ditugu», esan dute.
Hitzordua ekainaren 8an
Azpeitiko saninazioak antolatzeko lehenengo hitzordua ere jarri du festa herrikoien aldeko ekimen berriak. Ekainaren 8an izango da batzar irekia, 21:00etan, herriko plazan.