Mus txapelketa eta musika izango dira Estazioan sanpankrazioetan

Ane Olaizola 2012ko mai. 24a, 12:14

  Bihartik igandera bitartean San Pankrazio jaiak ospatuko dituzte Zumaiako Estazioko auzotarrek. San Pankrazio Festa Batzordeak aurreko urteetakoaren antzeko egitaraua prestatu du aurten.  Gaur rock kontzertuek emango diete hasiera jaiei, eta inguruko musika taldeek eskainiko dituzte emanaldiak; Iseka eta The Grace of Dionysus zumaiarrek, eta Mondocanek, Azkoitiko eta Azpeitiko kideez osatutako taldeak. Ekitaldi gehienak etzi izango dira. Txupinazoarekin hasiko dituzte ofizialki jaiak, eta ohi bezala, umeentzat jolasak eta scalextric saioa egingo dute. Eguerdian bazkaria egingo dute auzotarrek elkartean, eta mus txapelketa jokatuko dute gero. Txepetxa elkartean izango da txapelketa, eta lehiatu ahal izateko bikoteek 25 euro ordaindu beharko dute. Sariei dagokienez, lehenengo bikoteak 325 euro eta trofeoa jasoko ditu; bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, 175 eta 75 euro irabaziko dituzte, hurrenez hurren. Txepetxako lehenengo bazkideei bi txuleta eta bi ardo botila emango dizkiete. Zumaiarrak harri-proban Igandean, berriz, hamaiketakoarekin hasiko dute eguna, eta ondoren harri-proba egingo dute. Jon Lazkano Etxeberri itziartarra, Juan Jose Aguinagalde arroatarra, eta Aitor Manzisidor Santaklara zumaiarra arituko dira zaldiekin harria mugitu nahian. Egitaraua Bihar, maiatzak 25 23:00. Rock kontzertuak: Iseka, Mondocane eta Grace of Dionysus. Larunbata, maiatzak 26 12:00. Txupinazoa. Jarraian. Haurrentzako jolasak. Aldi berean. Pintxo poteoa, Lagun-Artea eta txosnen artean. Gero. Scalextric. 14:00. Bazkari herrikoia auzokoen artean. 16:30. Mus txapelketa. 18:30. Haurrentzako txokolatada. 19:00. Sagardo dastaketa eta pintxo jana. 20:00. Egan taldearen emanaldia. 23:00. Egan taldearen emanaldia. Igandea, maiatzak 27 10:30. Hamaiketakoa. 12:00. Harri proba: Arroako Juan Jose Aginagalde, Elorriagako Jon Lazkano eta Zumaiako Aitor Manzisidor.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide