Espainiako Gobernuaren laguntzak jasoko dituzte udalek, uholdeengatik

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 24a

Aia, Aizarnazabal eta Errezilgo udalek diru-laguntzak jasoko dituzte Espainiako Gobernutik, iazko azaroko uholdeek eragindako gastuei aurre egiteko. Alvaro Villar Aizarnazabalgo alkateak jakinarazi duenez, euriteek eragindako gastuak aurrekontuetan aurreikusitakoak baino %3 altuagoak izan dituzten udalerriek jasoko dituzte Espainiako Gobernuko laguntzak. Horrez gain, Villarren arabera, herriko kalteak ere baloratu dituzte zenbatekoak zehazteko. Hori hala, Errezilgo Udalak jasoko du diru gehiena; 79.938,97 euro, zehazki. Aizarnazabalgo Udalak, berriz, 79.871,31 euro jasoko ditu, eta Aiakoak 13.600,97 euro. Uholdeengatiko lehen laguntzak dira Espainiako Gobernuarenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzen zain baitaude. Errezilgo alkate Maria Jesus Salsamendiren esanetan, «arnasgunea» izango dira udalaren jarduerarako. Gipuzkoako bederatzi udalerrik jasoko dituzte diru-laguntzak. Guztira 427.180,94 euro banatu ditu Espainiako Gobernuak, Gipuzkoako azpiordezkaritzak jakinarazi duenez. Larrialdi gisa egindako eskarien erantzuna izango da dirua, baina udalok ez dute jasoko eskatutako guztia. Aizarnazabal da eskatutako dirua jasoko duen udalerri bakarra eskualdean. Villarrek adierazi du laguntza horiek «urte guztiko udalaren jarduna salbatuko» dutela. Izan ere, aurrekontuetan zehaztutako hainbat proiektu gelditu egin behar izan dute, euriteen kalteei aurre egin ahal izateko. Zehatz auzoko Sarasola baserrira doan bidea kaltetu zen azaroan, eta hori konpontzea 80.000 euroko gastua izan da. Laguntzei esker hainbat proiektu abiatu ahalko du Aizarnazabalgo Udalak. Besteak beste, Etxabetik bidegorria egin ahalko du. Aiako Udalak, berriz, eskatutakoaren erdia jasoko du, Igor Iturain alkateak adierazi duenez. Laguntza hori «ongi» etorriko dela adierazi du Iturainek, baina gastu guztiak ordaintzeko ez dela iritsiko. Aldunditik ere diru laguntzak jasotzekoak dira, baina gastuaren «zati handi bat» udalak bere gain hartu beharko du. Iturainen arabera, udalak jada jaso du Aldundiaren diru laguntzen behin-behineko proposamena. Hasiera batean, Aiako Udalak 53.000 euro jasoko lituzke Aldunditik, baina alkateak adierazi du litekeena dela gutxiago jasotzea, Espaianiako Gobernutik ere laguntza jaso duelako. Aian kalte handiak eragin zituzten euriteek; Altzolan, Andatza eta Etxetaballa inguruetako bideak hondatu ziren, eta Andatza Erreka auzoan uholdeak izan ziren. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen azpiordezkaritzaren arabera, Errezilek ia 80.000 euro jasoko ditu, baina Salsamendik adierazi du oraindik ez dutela erabaki ofizialaren berri jaso. Dena den, udalari kostatu zaion dirua «askoz gehiago» izan dela adierazi du; honen arabera, 127.000 euro inguruko kalteak eragin zituzten euriteek. Halaber, alkateak adierazi du Espainiako laguntzak jasotzeko aurretik fakturak ordaindu behar izan dituztela, bestela ez luketelako izango dirua jasotzeko aukerarik. Hala, Salsamendik adierazi du kalteek «erabat» baldintzatu dutela udalaren zeregina, eta egun «egoera txarrean» daudela. Diruak «lasaitasuna» emango dietela adierazi du. Familien gastuak «aztertzen» Gipuzkoako azpiordezkaritzaren esanetan, familiek eskatutako proposamenak ikertzen ari dira. 43.437,93 euroko eskaerak jaso dituzte. Aseguruen Partzuergoa aste honetan da kalteen behin betiko emaitzak ematekoa; martxoaren erdian %90 zuen bideratuta, eta 31.614.902 euroko kalteak zenbatu zituen orduan. Eskualdeko hiru udalerriokin batera, Albiztur, Alkiza, Berrobi, Bidegoian, Gaztelu eta Larraulgo udalek jasoko dituzte laguntzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide