Unai Basurko, nabigatzailea: “Itsasoa bertatik bertara dugu hemen, baina askotan bizkarra ematen diogu”

Aritz Mutiozabal 2012ko maiatzaren 23a

Pakea Bizkaia belaontzia Getariako portura iritsiko da bihar arratsaldean, Unai Basurko (Portugalete, 1973) gidari duela. Azkenaldian, itsas mundua eta bere dibertsitatea ezagutaraztea xede duen hezkuntza-proiektuarekin buru-belarri dabil nabigatzailea, eta hilabete honetan Gipuzkoako kostaldean dabil, moilaz moila. Getarian, esaterako, datorren asteartera arte izango da. Goi mailan lehiatu eta hainbat espedizio osatu ondoren, hezkuntza-proiektu batean murgildu zara; kasu honetan, Gipuzkoako kostaldean. Nola sortzen da aldaketa hori? Txikitatik itsasoak eman didan guztia itzuli nahi nion. Zorionez, belaontzi txiki bat zuten nire gurasoek Getarian, eta, gaur egun, hausnarketa eginez, konturatu naiz itsasoak asko eman didala, pertsona bezala garatzeko. Orduan, iruditzen zait gaztetxoei mundu hau ezagutarazi egin behar zaiela. Are gehiago, Euskal Herrian izan dugun itsas tradizioagatik. Nolabait esateko, itsasoarekiko maitasuna igorri nahi dut. Nabigazioarekiko eta ingurumenrekiko maitasuna igortzea duzu helburu, beraz. Sentipen hori murrizten ari dela uste al duzu bada? Euskal Herrian itsasoa bertatik bertara dugu, baina askotan hari bizkarra emanez bizi izan gara. Beraz, gaztetxoei hori guztia gerturatu nahi diet; hau da, jakin dezaten nola funtzionatzen duen ozeanoak, itsasoak eta belaontzi batek, eta zein den bertako itsas dibertsitatea. Behin xehetasun horiek ezagututa, itsasoarekiko maitasuna, jakin-mina eta babesteko beharra pizten da. Modu ezberdinetan bada ere, jendeak itsasoari begiratzearekin konformatzen gara: adibidez, belaontzian, arrantzan, hondartzan [...]

Pakea Bizkaia belaontzia Getariako portura iritsiko da bihar arratsaldean, Unai Basurko (Portugalete, 1973) gidari duela. Azkenaldian, itsas mundua eta bere dibertsitatea ezagutaraztea xede duen hezkuntza-proiektuarekin buru-belarri dabil nabigatzailea, eta hilabete honetan Gipuzkoako kostaldean dabil, moilaz moila. Getarian, esaterako, datorren asteartera arte izango da.

Goi mailan lehiatu eta hainbat espedizio osatu ondoren, hezkuntza-proiektu batean murgildu zara; kasu honetan, Gipuzkoako kostaldean. Nola sortzen da aldaketa hori?
Txikitatik itsasoak eman didan guztia itzuli nahi nion. Zorionez, belaontzi txiki bat zuten nire gurasoek Getarian, eta, gaur egun, hausnarketa eginez, konturatu naiz itsasoak asko eman didala, pertsona bezala garatzeko. Orduan, iruditzen zait gaztetxoei mundu hau ezagutarazi egin behar zaiela. Are gehiago, Euskal Herrian izan dugun itsas tradizioagatik. Nolabait esateko, itsasoarekiko maitasuna igorri nahi dut.
Nabigazioarekiko eta ingurumenrekiko maitasuna igortzea duzu helburu, beraz. Sentipen hori murrizten ari dela uste al duzu bada?
Euskal Herrian itsasoa bertatik bertara dugu, baina askotan hari bizkarra emanez bizi izan gara. Beraz, gaztetxoei hori guztia gerturatu nahi diet; hau da, jakin dezaten nola funtzionatzen duen ozeanoak, itsasoak eta belaontzi batek, eta zein den bertako itsas dibertsitatea. Behin xehetasun horiek ezagututa, itsasoarekiko maitasuna, jakin-mina eta babesteko beharra pizten da. Modu ezberdinetan bada ere, jendeak itsasoari begiratzearekin konformatzen gara: adibidez, belaontzian, arrantzan, hondartzan paseatuz edo surf eginez. Baina, betiere, itsasoa sentituz.
Transmisio hori nola egiten duzue?
Pakea Bizkaiaren egoitzan, Getxon, ikastetxeen bisitak izaten ditugu egunero. Jardunaldia bi zatitan banatuta dago. Alde batetik, Groenlandian, Kanadan eta Azoreetan iaz egindako espedizioaren ikus-entzunezkoa jartzen diegu; euskal bale arrantzaleen ibilbidea egin genuen, eta batik bat baleen inguruko dokumentala da. Bestetik, belaontzira etortzen dira, eta ikus-entzunezkoan ikusitakoa ezagutzeko aukera izaten dute. Urtean zehar, gainera, proiektua beste portu batzuetara eramaten dugu, eta aurten Gipuzkoako kostalden gabiltza.
Pasaian izan ondoren, Getariara iritsiko zarete bihar, bost egunetako egonaldia egiteko asmoarekin. Zer-nolako programazioa duzue?
Getariako eta Zarauzko hainbat ikastetxetako ikasleak izango ditugu goizetan; ikus-entzunezkoaren emanaldiarekin eta belaontziaren bisitarekin, alegia. Arratsaldetan, ate irekiak egingo di­tugu. Pakea Bizkaia ontzia ikusi nahi duten herritarrek horretarako aukera izango dute.
Pakea Bizkaia de la competicion a la educacion hitzaldiarekin biribilduko duzue Getariako egonaldia.
Hori da. Datorren astelehenean emango dut hitzaldia, 19:30etik aurrera, udal aretoan. Bertan, lehiatik hezkuntzrako jauziari buruz ariko naiz solasean; besteak beste, espezioen eta abian dugun proiektu honen inguruan. Espero dugu getariarrak animatzea. Joan den astean Donostiako Aquariumean eman nuen hitzaldia, eta jendea gustura geratu zen.
Kontuan izanda Getarian ekin zeniola nabigatzeari, berezia izango da bertara itzultzea, ezta?
Bai, oso berezia izango da. Lotura zuzena dut egun ere Getariarekin, lagun asko baitut bertan, baita Zarautzen ere. Egia esan, laupabost urte nituela eman nituen nire lehen pausoak belarekin Getarian. Alde horretatik, beti izango da nire bigarren etxea.
Epe laburrera begira, ba al duzu beste proiekturik edo itsas espediziorik buruan?
Pakea Bizkaiaren barruan, Galiziako kostaldean ibiliko gara proiektu honekin. Era berean, pare bat estropadetan lehiatuko naiz. Bestalde, urrian, espedizio berri bat helduko diot. Kasu honetan, Patagoniara eta Antartidara abiatuko naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide