Bilduren egitekoa «argia» izan da Zarauzko Udalean agintean daraman urtebetean: «Udalak antolaketa aldetik zituen hainbat hutsune konpondu dugu urte honetan, zentzu komuneko erabakiak hartu ditugu, eta airean eraikitako, eta ez buru ez hanka ez zuten proiektuak bertan behera utzi ditugu». «Egingarriak» diren zenbait proiektu aurrera eraman dituztela nabarmendu dute, baina «behar baino gehiago zorpetu gabe, eta interes espekulatibo eta enpresarial hutsen gainetik herritarrak, osasuna, ingurumena eta ekonomia lehenetsiz». Ildo horretatik, Bilduren konpromisoa herritarra «arazoaren erdian jartzea» dela nabarmendu dute, konponbiderako giltza emanez.
Bilduren programak lau hanka nagusi ditu Eider Illarramendi alkateordearen arabera: kultura, gardentasuna eta parte hartzea, ingurumena eta arlo sozioekonomikoa. Kulturari dagokionez, Lizardi antzokiaren eta Modelo zinemaren itxierek egoera «larriagotu» egin dutela dio, baina aukera bat ere zabaldu dietela. «Gure azpiegitura kulturalak aztertzeko, eta berriak behar baditugu nolakoak izan behar duten aztertzeko aukera eman digu». Hori zehazteko prozesu parte-hartzailea abiatu zuten hilabete hasieran, eta herritarrek emandako erantzunarekin «gustura» agertu dira. Maiatzaren 29an izango da azken saioa, eta bertan proposamenak aurkeztu eta herritarrekin adostuko dituzte.
