Urola Kostako alkateek babesa eman diote Berria Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpainari. Alvaro Villar (Aizarnazabal), Pello Bastarrika (Azkoitia), Eneko Etxeberria (Azpeitia), Begoña Garmendia (Beizama), Maria Jesus Salsamendi (Errezil), Nika Lertxundi (Getaria), Beñat Solaberrieta (Orio), Leire Etxeberria (Zestoa), eta Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia) alkateek hartu dute parte agerraldian. Aiako alkate Igor Iturainek eta Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik babesa erakutsi diote ekimenari, nahiz eta ezin izan zuten agerraldian izan.
Azpeitiko alkateak hartu zuen hitza lehenbizi. «Euskarazko komunikabide nagusiaren aldeko apustua egiteko bildu gara», adierazi zuen Etxeberriak. Hedabideen mundua «urte gutxian asko aldatu» dela ere gogorarazi zuen. «Gaur bildutako udal ordezkariok argi daukagu. Beharrezkoa da euskarazko egunkari bat eta webgune sendo bat gure herriak, gure hizkuntzak, gure kulturak. Horregatik, ziztada bat ematea erabaki dugu. Ordainetan, Berria-ri aspaldi hasitako bidea jarraitzeko eskatuko diogu».
Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria ere izan da agerraldian, eta euskarari egunkari bat izatea «asko kostatu» zaiola nabarmendu du: «Ia 200 urte». 1936ko gerran Eguna euskarazko egunkaria bazela ere gogoratu du. «1990ean jende askoren lanarekin Euskaldunon Egunkaria sortu zen. 2003an birrindu egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak». Orain, Berriak talde sendo bat sortzea lortu duela azaldu du. «Eta justu oraintxe, talde sendoa lortu dugunean, 200 urteren ondoren, ekonomiaren krisia eta komunikabideen krisia etorri zaizkigu», gehitu du. «Krisiak gure proiektuak arriskuan jarri ditu, eta horretarako jo dugu jendearengana, komunitate bat lortu nahi dugula adierazteko».
Urtean ehun euroko kuota
Berria Taldea urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren faseari ekin dio, herriz herri eta arloz arlo, laguntzaileak lortzeko. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua.