Urtebeteko jarduna, egoera ekonomikoak baldintzatuta

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 23a

Urtebete pasa da udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik. Iazko maiatzaren 22an eskualdeko mapa politikoa goitik behera aldatu zen, sortu berri zen Bildu koalizioak alkatetza lortu baitzuen udalerri gehienetan. Hala ere, tokian tokiko errealitatea desberdina da. Udal agintari gehienen urtebeteko jardunaren balorazioa jaso du Urola Kostako Hitza-k. Beste hainbat udalerritako udal gobernuak, berriz, datozen asteetan dira burututakoaren errepasoa egitekoak; ekainaren 11n osatu zituzten gobernu berriak, izan ere. 
Aian, aurrekoaren jarraipena 

Aia da aldaketarik izan ez duen herri bakarrenetarikoa. EAJk du agintea, eta, beraz, agintaldiko lehenengo urtea aurrekoaren «jarraipena» izan dela adierazi du Igor Iturain alkateak. Urteko balorazio «ona» egin badu ere, egoera ekonomikoa dela-eta proiektuak modu «pausatuagoan» egin behar izan dituzte. Hala ere, urtebetean egindako lanek laster emango dutela fruitua esan du. 
Eskualdean Aia da udala EAJren esku dagoen herri bakarra, eta «proiektu politiko desberdina» izanik, beste udalekiko harremanak eragina izan du. «Beste egoera baten gaude, eta harremanetarako beste modu batzuetan funtzionatzen dugu; hala ere, gainontzeko udalekin dugun harremana normala eta errespetuzkoa da». Eskualde mailan ez ezik, udalean gainontzeko alderdiekin duen hartu-emana «ona» dela jakinarazi du Iturainek. Bildu da herriko beste indar politikoa. 
2015erako aurreikusita zituzten proiektuak dira udalaren erronkak; hala nola, Ubeguneko bidegorria, Elkanoko pilotalekua eta txokoa, eta eta nekazaritza eta turismoa sustatzea.
Azkoitian zapore «gazi gozoa»

Azkoitian urtebete «gazi-gozoa» izan dute. Iaz EAJk agintea galdu zuen, eta Bilduk hartu zuen alkatetza. Baina egoera ekonomikoak eraginda, hainbat gastu murriztu egin dituzte. «Udalaren egoera ekonomikoa egonkortzea, eta buelta ematen saiatzea izan da gure zeregin nagusia eta garrantzitsuena». Hamaika milioi euro baino gehiagoko zorrarekin, eta Azkoitia Lantzen «porrot egiteko arriskuan» zegoela heldu zen koalizioa udalera. Hala ere, onartu dituzten aurrekontuekin eta hartu dituzten neurriekin «gustura» da udal gobernua. 
«Martxa hartzen» joateko urtea izan dela adierazi du koalizioak: «Gure helburuen oinarriak ezarri ditugun urtea izan da». Politika egiteko «bestelako filosofia bat» jarri dute abian. Zentzu horretan, balorazio «positiboa» egin dute. Herritarren parte hartzea indartzea dute helburu, eta horretarako askotariko neurriak jarri dituztela martxan adierazi dute.
Azpeitia, krisiak kolpatuta

Azpeitiko Udalaren egoera egungo testuinguru ekonomikoaren baitan kokatu du Bildu koalizioak. «Krisiak nabarmen eragin dio gure herriari», adierazi du Eneko Etxeberria alkateak. Egoera horretan heldu zion alkatetzari koalizioak, duela urtebete. «Azpeitiko Udalak azken urteetan aukera handiak galdu ditu, eta kostatuko zaigu bide onean jartzea». Hala ere, Etxeberriak adierazi du «estrategia diseinatu» batekin hartu zutela alkatetza. «Krisiaren eraginak nabarmen astindu ditu gure asmoetako baliabideak, baina eraginkortasuna bilatzeko neurriek bultzatu dute udala helburu estrategikoetara». 
Urtebeteko balorazioa, berriz, herritarrei egitea dagokiela adierazi du alkateak. Hala ere, adierazi du herritarren eta udalaren arteko harremana «asko indartu» dela azken urtean.
Errezilgo egoera, okerrago

Errezilgo Udalean ere egoera ekonomikoak baldintzatu du urtebeteko jarduera. Maria Jesus Salsamendi alkateak (Bildu) adierazi du udala egoera ekonomiko «txarrean» jaso zutela, eta egoera okertu egin dela, «diru laguntzen murrizketak» eta «euriteek sortutako kalteengatik». 
Hori hala, murrizketak egin dituzte, baina hainbat ekimen ere jarri dute martxan. Esaterako, Zero Zabor taldea sortu dute, eta herritarrek «jarrera aldatu» dutela nabarmendu du. Izan ere, honen arabera, egun plastiko gehiago bereizten dute errezildarrek. 
Getarian, gobernu berria

Getarian, urtetan EAJk agindu ondoren, Bilduk lortu zuen alkatetza iaz. Azken urtea udalean «egonkortzeko» epea izan dela aitortu du herriko alkateak, Nika Lertxundik. Izan ere, alkateak gogoratu du koalizioko zinegotzi guztiak «berriak» direla politikagintzan, egoera «berezia» izan zelako. Ikasteko «asko» dutela onartu du, baina urtebeteko zikloa «garrantzizkoa» izango delakoan da, aurrerantzean dinamika dagoeneko ezaguna izango dutelako. Herritarrengatik «gertu» egon nahi du udal gobernuak. «Getarian parte hartzea ez dago beste herri batzuetan bezain errotuta, iraganean ez baitzen sustatu». Zentzu horretan, Lertxundiren arabera, Getarian lan gehiago dago egiteko.
Udaleko egoera ezagutzea kosta egin zaiela adierazi du Lertxundik. Aurreko udal gobernuak transmi «oso urria» izan da. Zentzu horretan, batez ere EAJrekin duten harremana «goxoagoa» izatea nahiko lukeela adierazi du alkateak.
Egoera ekonomikoa dela-eta, hainbat proiektua «berrantolatu» beharra daudela jakinarazi du alkateak; hala nola, haurtzaindegi berria egiteko egitasmoa 
babesten badute ere, horretarako inbertsioa «gehiegizkoa» 
da. 
Zumaia, «herritarren esku»

Zumaian ere Bildu dago alkatetzan, baina EA eta ezker abertzalea formula errepikatu dute bigarren aldiz. «Aurreko legegintzaldian egindako ibilbideari babesa eman zioten zumaiarrek bozetan». Bide horren «jarraipena» egiten ari dira, Aralarrekin batera. Hala, aurretik egindako lan guztiak «askorako» balio izan dizkiotela diote. Aurten, bi urtez luzatu ostean, Zumaiako Udalak aurrekontuak onartu ditu; honen arabera, «udalaren eguneroko jarduerak eta proiektuak» gauzatzeko «oso garrantzitsua» izan da aurrekontuak onartzea. Halaber, «herritarren partaidetzaren bidez» osatu dituztela nabarmendu dute; «herritarrekin batera osatutako aurrekontuen aurka bozkatzea, joko politikoari soilik erreparatuz hartutako erabaki arduragabea izan da». 
Bilduk adierazi du «talde izaera indartu eta gobernu irekia» 
osatzeko eta «herritarrekin elkarlana bultzatzeko» lanean ari direla, eta aurrera begira dituzten erronkak ere ildo horretan 
zehaztu dituzte. «Herritar gehiagoren inplikazioa lortu eta eskuartean ditugun proiektuak aurrera eramatea da erronka nagusia».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide