Zumaiako atez atekoaren aurkako plataforma sinadurak biltzen hasi da

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 23a

Zumaiako herritar talde batek atez ateko ereduaren aurkako plataforma sortu du, Birziklapena bai, atez atekorik ez izenpean, eta sinadurak biltzen hasi da herrian, Zarauzko taldearen bidetik. Taldearen ustez, atez atekoa «osasungaitza, antiestetikoa eta deserosoa» da, eta herritarren «eremu pribatua urratzen du». Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa, eta Alondegiko Oxford aretoa txiki geratu zen. Izan ere, herritar ugari inguratu zen taldearen nondik norakoak entzutera, eta, bide batez, lehenengo babes sinadurak jasotzeko aprobetxatu zuten ekitaldia. Datozen egunetan ere taldeak sinadurak biltzeko mahaiak jarriko ditu hainbat puntutan. Erribera kalean, merkatuan, Artadi inguruan, Arrondon eta Oikian jartzeko asmoa azaldu dute taldekideek. Taldeak egun martxan dagoen bost edukiontzien sistema defendatu du. «Badakigu beharrezkoa dela herritar guztiok sortzen ditugun hondakinak sailkatzen saiatzea, eta Zumaiako Udalak eta Urola Kostako Udal Elkarteak ere beharrezkoa dute hondakin organikoen bidezko bilketari bultzada ematea». Horrez gain, herritarrei zuzendutako informazio eta kontzientziazio kanpainak behar direla nabarmendu du taldeak. «Gehiago birziklatuko da horrela, ziur gaude». Hala, taldeak ez du uste atez atekoa beharrezkoa denik. «Gaur egun, gure artean ugari dira frakzio guztiak sailkatzen dituztenak, atez atekoa bezalako bilketa sistema baten zain egon beharrik gabe». Izan ere, egun dagoen sistema «oso arrazoizkoa» dela uste dute. Zumaiako Udalak «inposatu» nahi duen atez ateko ereduaren aurka dauden herritarren «iritzia» helarazteko asmoz sortu dute taldea. Izan ere, herritar «gehienak» ez daudela atez ateko hondakin bilketa sistemarekin ados uste dute. «Kaleetan sumatzen da; elkarrizketetan, koadriletan, dendetan eta tabernetan. Jendeak ez du nahi egungo bilketa sistema errotik iraultzen duen beste bat ezartzea». Hala, eredu hori alboratu dezala, eta bosgarren edukiontzia herri osora zabal dezala eskatu diote udalari. Horretarako, edukiontzien kokalekua «ondo aztertzea» gomendatu diote. Bilketa sistema hobetzeko, berriz, Lazkaoko kudeaketa dute eredu. Taldeak jakinarazi du herri horretan edukiontziei txartel elektronikoak jarri dizkietela, eta horrek birziklatze datuak «hobetu» dituela.  Era berean, Zumaiako Udalak heziketa kanpainari eutsi behar diola nabarmendu dute taldekideek. «Udalak aspaldi utzi zion ahalegin hori egiteari, eta herritarrak gehiago hartu behar dituzte kontuan, ingurumena zaintzeko». Eskaera alkateari Sinadurak biltzeko prestatu dituzten orrietan honakoa adieraziko diote alkateari: Zumaia bezala, nire sinaduraz atxikimendua adierazten diet ondoren zehazten diren puntuei: 1. Udalari eskatzen diot gure hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena bultzatzen jarraitzeko edukiontzien bitartez. 2. Sortzen ditudan hondakinak birziklatzeko konpromisoa hartzen dut, eta udalari eskatzen diot egitasmo eta neurri berriak martxan jartzeko, herritarren heziketa eta kontzientziazioa hobetzeko, perebentzioaren eta birziklapenaren inguruan. 3. Zumaian zabor bilketarako atez ateko bilketa sistema ezartzearekin ez nator bat. Sinadurak bildutakoan, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatearekin hitz egin, eta udalbatzari aurkezteko asmoa du plataformak. Zumaiako Udalak, ordea, «hondakinen %80 birziklatzea ahalbidetzen duen bilketa sistema» ezartzea onartu  zuen pasa zen martxoan. Hala, taldeak jakinarazi du bilduko dituzten sinadurak juridikoki ez direla izango lotesleak. Hala ere, «herritarren borondatearen lekukotasuna» islatuko dute sinadurek, eta udal gobernuak ezingo du «ez ikusiarena egin». Sinadura bilketak «harrera ona» izango duelakoan da plataforma, eta Zarautzen atez atekoaren aurkako taldeak jaso duen erantzunaren antzekoa espero dute. «Zarautzen 8.000 sinadura bildu izana ikaragarria izan da», esan dute Zumaiako taldekoek

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide