
Gipuzkoa Zero Zaborrek ekainaren 17rako antolatu duen ekimenaren aurkezpeneko irudi bat, Donostian (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Herriko hainbat eragile eta taldek agerraldia egingo du larunbatean, Zarauzko Udalari atez ateko bilketa sistema ezarri dezan eskatzeko Zarautz Zero Zaborreko kideek jakinarazi dutenez, hondakinen arazoari irtenbidea emateko «aukera eraginkorrena» da atez ateko sistema: «Birziklapen tasak handitzeko hondakinak gaika bildu beharra dago, eta bide horretan atez ateko sistemak ematen ditu emaitza onenak; hondakinen %80 birziklatzea lortzen da. Birziklapen maila hori lortuz gero, gainera, ez litzateke errauste planta eraiki beharko, ez bailitzake nahiko erregai sortuko hura mantentzeko». Hori horrela, hainbat herritarrek atez atekoaren aldeko atxikimendua eman dute. Udalak «oraindik hondakinen kudeaketaren inguruan zehaztapenik» eman ez duenez, atez atekoa jartzeko eskatuko diote larunbateko ekitaldian.
Era berean, ekainaren 17an Donostian Gipuzkoa Zero Zaborrek egingo duen ekitaldiarekin bat egin du Zarautz Zero Zaborrek. Aire garbiak bira nazan lelopean, mosaiko erraldoia egingo dute gipuzkoarrek, kolorea, etorkizuna, iraunkortasuna, konpromisoa eta itxaropena islatuko dituen kolorezko haize errota handia irudikatuz.Parte-hartzaileek eramango dituzten piezak elkartuz osatuko dute. Hori aurrera eraman ahal izateko, herritarren konpromisoa «ezinbestekoa» dela diote Gipuzkoa Zero Zaborreko kideek; Gipuzkoako herri bakoitzean lantaldeak osatuko dituzte hala, tartean, Zarautzen.
Atez atekoa ezagutzera
Zumaiako Udal Gobernuak hondakinen arazoaren inguruko azalpenak eman eta atez ateko sistemari buruzko zehaztapenak azalduko dizkiete gaur ostalari, tabernari eta merkatariei. Hernaniko tabernari bat ere izango da bertan, bere esperientzia kontatu eta herritarren galderei erantzuteko. Alondegian egingo dute hondakinen kudeaketaren inguruko azken saio hori. Behin bilera informatiboak amaituta, atez ateko bilketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango herritarrek. Horretarako, Usurbilera irteera antolatu dute larunbaterako. 08:00ean irtengo dira, Txomin Agirre kaiko autobus geltokitik. «Larunbatetan hondakin organikoa biltzen dute, eta aukera izango dugu Usurbilgo herrigunean nola egiten den ikusi, eta hondakin biltzaileekin egoteko», adierazi du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Bide batez, Usurbilgo bilketa arduradunek azalpenak emango dizkiete zumaiarrei, sistemaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitze aldera.
Autobusean lekua gordetzeko aurrez izena eman beharko dute herritarrek. Turismo Bulegora jo beharko da horretarako edota udaletxera deitu, 943-862550 zenbakira.