Sei bikotetan banatuta, hamabi erremontistak hartuko du parte Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketan. Aurten, gainera, parte hartuko duten erremontistetatik hiru afizionatu mailakoak izango dira: Otaegi, Labaka eta Aizpuru III.a.
Izarraitz pilotalekuan jokatuko dira partidak, denak 18:30ean hasita. Aurreneko kanporaketak ostiral honetan dira. Aurreneko norgehiagokan Matxin III.a eta Labaka Etxabe II.a eta Zubizarretaren kontra ariko dira. Segidan, Etxeberria IV.a eta Aizpuru III.ak Zulaika eta Urkoren kontra jokatuko dute.
Horiez gainera, Otaegi eta Jon, Matxin VI.a eta Agirrezabala erremontistek jokatuko dute txapelketa. Ekainaren 15ean jokatuko dira hirugarren eta laugarren postuak eta finala. Ordura arte ostiralero izango dira txapelketako partidak Izarraitz pilotalekuan.
Sei bikoteak bi taldetan banatuta jokatuko dute txapelketa, eta bikote bakoitzak bi partida izango ditu jokatu beharrekoak.
Aurtengo honetan, aurreneko aldiz afizionatu mailako erremontistei aukera eman nahi izan diete antolatzaileek. Azpeitiko erremonteko txapelketa Oriamendi 2010 erremonteko enpresak eta Azpeitiko Udalak antolatzen dute. Manuel Unanue Kiroletako zinegotziak azaldu duenez, Udalak «erremontea bultzatu eta sustatzeko ahalegina egiten jarraituko du».