Aimar Irigoienek jantzi du Gipuzkoako harri jasotzeko txapela

Nerea Uranga 2012ko maiatzaren 21a

Aimar Irigoien harri-jasotzaileak irabazi du Gipuzkoako Harri Jasotze Txapelketa. Atzo (maiatzak 20) jokatu zen Legorretako Harripila kiroldegian Gipuzkoako txapela. Hiru harrirekin egin zuten lana parte hartu zuten harri-jasotzaileek eta hirurekin onena errezildarra izan zen. Eroso irabazi zuen lehiaketa Irigoienek, bigarren gelditu zen Izeta IV.ari zortzi jasoaldiko abantaila aterata. 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin egin zuten lana harri-jasotzaileek; harri bakoitzarekin hiru minutu eduki zituzten lanerako. Zilindroa 31 aldiz jaso zuen Irigoienek; Izeta IV.ak eta Izeta III.ak 28 aldiz; eta, Otaegik 15 aldiz. Kubikoari 22 altxaldi eman zizkion errezildarrak, Izeta IV.ak 21, Izeta III.ak 17 eta Otaegik 12. Bolari, berriz, Irigoienek 26 altxaldi eman zizkion, Izeta IV.ak 22, Izeta III.ak 23 eta Otaegik 16. Aimar Irigoienek denera 79 jasoaldi egin zituen, 8.950 kilo altxatuz. Izeta IV.a zarauztarrak 71 jasoaldi eman zituen (8.062,5 kilo), Izeta III.a aiarrak 68 jasoaldi (5.387,5 kilo) eta Otaegi aizarnarrak 43 jasoaldi (5.387,5 kilo).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide