Berrialaguna kanpainari babesa emateko, Ziztada Eguna ospatu dute gaur goizean Musika Plazan. Ekimenari 4,5 kilometroko herri lasterketarekin eman diote, eta, eguraldiak askorik lagundu ez arren, ehun lagun inguru animatu da kanpainaren alde korri egitera. Gizonezkoetan, Iñigo Eizagirre izan da garaile, 14:40ko denborarekin, eta emakumezkoetan, Uxue Irigoien, 17:57ko denborarekin; haurren artean, Ibrahim Lukas izan da lehena. Irabazleek ez ezik, parte-hartzaileentzat ere izan dira sariak; korrikalari guztien artean Berriako elastikoak zozkatu baitituzte.
Laserketaren ondotik, mokadutxoak dastatu eta tragu batzuk hartzeko aukera izan dute Musika Plazara gerturatu direnek. Bien bitartean, Gurutxurtu aisialdi taldekoak haur jolasak egin dituzte, Jurgi Olaizolak erle baten irudia marraztu du panel batean, Motxian bertso eskolako Felix Zubia eta Ainhoa Agirreazaldegi kantuan aritu dira eta, amaitzeko, Larrain dantza egin dute. Ekitaldiak iraun duen bitartean, Berriaren aldeko ziztada emateko informazioa eman dute antolatzaileek.
