Asentzio eguna gerturatzen ari da eta jai eta baserri giroak bat egingo duten hainbat ekitaldi antolatzen hasi dira Aian. Maiatzaren 20an, larunbatarekin, egingo dituzte ospakizunak. Goizean, 10:00etatik 14:00etara bitartean, azoka izango da. Aparkalekuan, barazkiak, fruta, gazta, eztia, ogia, gozoak, loreak, ardoa eta baserriko beste hainbat produktu, erakutsi ez ezik, saldu ere egingo dituzte. Baserriko lanabesak ere izango dira salgai eta artisauek ere beren lanak jarriko dituzte; horiek plazan. Animalien erakusketa, bestalde, kirol gunean izango da.
Baserriko ofizioak
Azoka ez ezik bestelakorik ere izango da goizean barrena, baserriko ofizioen erakustaldia egingo baitute.11:00ak aldera, ardi ile mozketa eta artilearen beste erabilerekin lotutakoa egingo dute herriko hainbat emakumek plaza inguruan. Eskola inguruko zelaietan, 12:00ak inguruan, soroak prestatzeko laiekin egiten zen lanaren erakustaldia egingo du gizonezkoek. Bestalde, eguerdian euskal produktuak dastatzeko aukera izango da. Batetik Eusko Labela duten produktuen pintxoak izango dira jateko eta, bestetik, horiei bultza egiteko edariak egongo dira aukeran herriko ekoizleek eskainita, txakolina eta sagardoa, hain zuzen ere.
Aizkolariak
Arratsaldean, bestalde, Gipuzkoako 2. mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko da frontoian, 17:30ean. Iñaki Agirre, Jabier Aranbarri Elorriaga, Xabier Bergara, Mikel Larrañaga, Aratz Mugerza, Unai Otaño, Jesus Mari Etxebeste eta Aitor Urteaga arituko dira lehian eta 54 ontzako bina enbor eta 60 ontzako beste bina moztu beharko dituzte. Aizkolarien ondoren, plazan, erromeria izango da Laja II eta Unai Narbaiza trikitilariekin.