Asentzio Azoka egingo dute igandean Aian, baserritarrei omen egiteko. San Isidro festen inguruan antolatu ohi dute egun osoko ospakizuna, eta belaunaldi berriek nekazaritza gertuagotik ezagutzeko, baserriko garai bateko ofizioen erakusketa egingo dute eguerdian. Antolatzaileek urtero askotariko ofizioak plazaratzen dituzte, herritarrek euren lana erakusteko aukera gehiago izan dezaten nahi baitu Aiako Udalak. Horregatik, aurtengoan laiekin egingo dute erakustaldia. Lurra iraultzeko erabiltzen zen lanabesa da laia, lurrean sartzen diren burdina edo altzairuzko bi hortz luzez eta horietako baten gainean atxikitzen den zurezko kirten batez osatua. Egun ez da erabiltzen, baina duela hamarkada batzuk baserritarrek artoa eta babarrunak landatuko dituzte hilerri ondoko zelaian baliatzen zituzten. Aiako sei baserritarrek prozesu osoa egingo dute, eta urrats guztiak azalduko dituzte. Lehenengo lur eremua prestatuko dute, eta gero lurra markatuko dute, horretarako erabiltzen zituzten tresna bereziekin.
Garai batean artileak baserrian zer erabilera zuen erakutsiko du herriko emakume talde batek. Koltxoiak eta burkoak egingo dituzte plazako sarreran, 11:15ean. Baserrian azken urteetan «aldaketa asko» izan direla eta, herritarrek lehenego ofizioak ahaztu ez ditzaten antolatu ohi dituzte erakusketak.
Baserriko produktuak, plazan
Azoka ere egingo dute goizean, 10:00etatik 14:00etara, eta 40 postu inguru izango dira herriko hiru eremutan. Plazan, artisautza eta elikagaiak egongo dira; barazkiak, gazta, ogia, gozoak. Aparkalekuan beste produktuak salduko dituzte, eta kirol gunean animaliak erakutsiko dituzte. Ohikoez gain, abere «bitxiak» egongo dira; Aiako Indateberri baserrikoak, besteak beste. Baserriko lanabesak ere salduko dituzte.
Eguerdian, baserriko ofizioen erakusketarekin batera, bertako produktuen dastaketa izango da; oilasko eta txerri pintxoak, sagardo, txakolin eta ardoarekin banatuko dituzte. 17:30ean, berriz, herri kirolen saioa izango da, eta Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkora Kanporaketa izango da; zortzi aizkolarik lau enbor moztu beharko dituzte, bi 54 ontzakoak eta beste bi 60 ontzakoak.
Asentzio Azoka amaitzeko, berriz, Jose Luis Garmendia Laja II.-a eta Unai Narbaizarekin erromeria izango da, herriko plazan.