
Monik Valor eta Eider Iraola zestoarrak izan ziren garaile iaz Trikitilari Gazteen XII. Getariako Txapelketan (Argazkia: Getariako Udala)
Trikitilari txapelketa, euskal dantzak, sagardoa eta sardina jana, euskarazko film laburrak… Euskal kutsua are nabarmenagoa izango da Getarian datozen egunetan. Urtero legez, Kultura sailak egitarau bete-betea antolatu du Euskal Asterako. Astelehenean bertan hasiko dira ekimenekin; izan ere, euskarazko film laburren emanaldia izango da Gaglo gaztelekuan, 21:00etatik aurrera.
Ostiralean ekingo diete, ordea, ospakizun nagusiei. Gure Txeruko dantza taldeak izango dira egun horretan protagonistak. Haurrek 18:30ean eskainiko dute dantza emanaldia; gazte eta helduek, berriz, 22:30ean. Larunbatean, Euskal Jai Egunean, askotariko jardunaldiak izango dira herrian. Goizean goiz Gazte Alaiak eta musika eskolako eta herri eskolako txistularien doinuekin esnatuko dira herritarrak. Baserriko kirolen jaia izango da gerora, Kulki taldearekin eta baita sardina jana eta sagardoa txotxetik ere.
Era berean, askotariko euskal produktuak erosteko aukera ere izango dute Harritarten antolatuko duten azokan. 13:00etatik aurrera, dantza emanaldiak eta irrintzi lehiaketa izango dira. Arratsaldean egingo dute, berriz, Trikitilari Gazteen Getariako XIII. Txapelketa. Kantu poteoaren ostean, Laja eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute herriko plazan.
Egitaraua
Maiatzak 21, astelehena
21:00. Euskarazko film laburren emanaldia, Gaglo gaztelekuan, Alondegian.
Maiatzak 25, ostirala
18:30. Gure Txeru dantza taldeko haurren emanaldia, herriko frontoian.
22:30. Gure Txeru dantza taldeko gazte eta helduen emanaldia, herriko frontoian.
Maiatzak 26, larunbata. Euskal Jai Eguna
09:00. Goiz soinua, Getariako Gazte Alaiak eta musika eskolako eta herri eskolako txistulariekin.
10:30-14:00. Azoka, frontoian.
11:30. Baserriko kirolen jaia Kulki taldearekin, Harritarte gunean.
12:00etatik aurrera. Sardin jana eta sagardoa txotxetik
12:00. Musika eskolako trikitilariak kalez kale.
13:00. Banakakoa eta bestelako dantzak Gazte Alaiak txistulariekin, plazan.
Ondoren. Helduen eta gaztetxoen Irrintzi Lehiaketa, plazan.
17:30. Trikitilari Gazteen Getariako XIII. Txapelketa, frontoian.
19:30. Larrain dantza eta bestelako plazako dantzak Arrasateko gaiteroekin, plazan.
Ondoren. Kantu poteoa Gazte Alaiak txistulariekin, Kale Nagusitik hasita.
23:00. Laja eta Narbaiza trikitilariekin erromeria, herriko plazan.
Maiatzak 27, igandea
12:30. Musika Eskolako Elkano haur eta helduen abesbatzaren emanaldia, Berdura plazan.