[/caption]
EAJko kostako ordezkariek Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian Bilduk atez atekoa ezarriko duen ala ez argitzeko eskatu dute. Aian ez dutela jarriko aurreratu du Aiako alkate Igor Iturainek (EAJ). Pasa den astean, aipatu herrietako alkateek (Bildu) eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak (Bildu) birziklatzearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten, agerraldi publiko batean. Ez zuten zehaztu, ordea, zein izango den bultzatuko duten bilketa sistema.
Horren harira, Bilduk «behin eta berriz aldarrikatzen duen gardentasuna hankaz gora jarri» duela nabarmendu du Iturainek. Hondakinen kudeaketan azken pausoan bi aukera daudela gogoratu du: birziklatu ezin daitekeena errauste plantan erretzea, ala atez atekoa jarri eta errefusa zabortegira botatzea. Lehenbiziko aukeraz baliatuz gero, hondakinen arazoari irtenbidea emateaz gain, energia sor daitekeela esan du. Bigarrengoak, berriz, Urteta urte askoan zabalik mantentzea dakarrela adierazi du, eta horrek hainbat kalte ekarriko dizkiela auzotarrei, eta, oro har, herritarrei.
Europako legearen aurka
Pasa den otsailean Gipuzkoako Bilduk 34 udalerritan atez ateko bilketa martxan jarriko zuela iragarri zuen; tartean, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian. Hori «Europako legediaren aurkako proposamena» dela esan du Zarauzko EAJko Imanol Lasak, eta herritarren iritzia «kontuan hartu gabe» erabaki dutela, gainera. «Orain arteko planteamendua aldatu dute, inori ezer esan gabe. Donostian egindako prentsaurreko baten bidez jakin genuen atez atekoa inposatuko dutela. Lotsagarria da».
Hori dela eta, Urteta noiz arte mantenduko duten zabalik eta bertara zenbat hondakin tona botako duten zehazteko eskatu die alkateei Lasak. «Serioak izan daitezen eskatzen diegu, egia esateko eta gardentasunez jokatzeko».
Kostako herrietako EAJk, aldiz, bosgarren edukiontziaren bidezko bilketa bultzatzen jarraituko duela nabarmendu du. «Herri guztietan jarri behar da, modu ordenatuan». Koalizioak «alternatiba hoberik» balu, aurkez dezala eskatu dio Bilduri.
Plataforma Zumaian
Birziklapena bai, atez atekoa ez plataforma aurkeztuko dute astelehenean, Zumaian. Oxford aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan. Zarauzko plataformak atez atekoaren aurkako 8.040 sinadura jaso ditu, guztira. Juan Luis Illarramendi alkatearekin biltzeko hitzordua eskatuko dute datozen egunetan, jasotako sinadura kopuruaren berri eman, eta herritarren iritzia kontuan izan dezan eskatzeko. Herri kontsulta egiteko eskatuko diote, hala.