Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat egingo dute gaur eta asteburuan Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoak, Zestoako Ekainberrik, Getariako Balentziaga museoak eta Zarauzko Arte eta Historia Museoak. Mundu aldakor batean, erronka berriak, inspirazio berriak du leloa aurtengo Museoen Nazioarteko Egunak.
Hala, Urola Kostako museoek jasotzen duten ondarea ezagutzeko aukera egongo da asteburu osoan zehar eskualdearen barnealdetik hasi eta kostaldera arteko bidean. Eskualdeko museoetan ate irekien jardunaldiak izango dituzte gaur. Horrez gain, euren ohiko eskaintza ekitaldi berriekin osatuko dute.
Urolako tren zaharra gogoan
Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoak bertan jasotako bilduma eta gaur zortzi inauguratu zuen Urolako trenbideari buruzko erakusketa ikusteko aukera eskainiko du. Urolako burnibidea: azken bidaia aldia erakusketak Urolako trenaren bagoiak bertatik bertara ikusteko aukera eskaintzen du. Gainera, panel handi batzuen bidez Urolako tren zaharraren nondik norakoak azaldu dituzte, eta ikus-entzunezko batean trena ezagutu eta burnibidean lan egin zuten herritarren testigantzak bildu dituzte. Erakusketa, Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean osatu zuten, horretarako 300 argazki inguru erabiliz.
Urolako tren zaharraren erakusketarekin lotuta, beste bi ekitaldi antolatu dituzte gaur arratsalderako Euskal Burnibidearen Museoko instalazioetan. Batetik, Zumaiako San Pedro abesbatzaren emanaldia izango da; bost euskal kanta abestuko dituzte. Jarraian, Lourdes Odriozola historialariak Urolako trenbidearen ikuspegi orokorra emango du, museoko auditorioan eskainiko duen hitzaldian.
Bestetik, museoen egunarekin bat eginez Ekain abentura aurkeztuko dute gaur Zestoako Ekainberrin. Bertako eskaintzaren «izarra» dela adierazi dute antolatzaileek; «Historiaurrekoen moduan bizitzeko aukera» izango da bi orduz. Hala, besteak beste Ekain kobazuloaren erreplika eta erakusketa finkoa bisitatzeko eta ehizatzeko, eta sua eta margoak egiteko teknikak erakutsiko dituzte.
Balentziaga, barru-barrutik
Getariako Balentziaga museoak lehendabiziko aldiz ospatuko du aurten Museoen Nazioarteko Eguna. Sarrera doan izango da gaur, eta bertan dauden Marrazketaren dotorezia; Parisko kronika; Carlos Saenz de Tejada eta ManneQueen, since 1922 erakusketak ikusteko aukera edukiko dute bisitariek. Horrez gain, gaur arratsaldean fundazioko zuzendariak gidatuta eraikinaren arkitektura barru-barrutik ezagutzeko ibilaldia antolatu dute, «berez ikusten ez diren eremuetan ibiliz». Ondoren, Miren Arzalluz fundazioko bildumaren arduradunak Cristobal Balentziagaren hastapenetaz hitzaldia emango du. Museoaren Gauarekin ere bat egingo du Getariako museoak bihar. Hala, gau zinematografiko eta gastronomikoa eskainiko du, iluntzeko hamarretatik goizaldeko ordubatak bitartean.
Azkenik, Zarauzko Arte eta Historia museoak ere gaurko eta biharko ate irekien jardunaldiak antolatu ditu. Era horretan, herritarrak eta bisitariak Santa Maria la Realgo aztarnategi arkeologikoak ezagutzera gonbidatu dituzte. Eraikinak, hilobiak eta antzinako elizak ikus daiteke bertan.
Museoen eskaintza
Azpeitia
Burnibidearen Euskal Museoa.
- Gaur, ate irekien jardunaldia ospatuko dute eta museoko bildumaz gainera Urolako burnibidea: azken bidaia aldia erakusketa ikusteko aukera. 18:30ean, San Pedro abesbatzaren emanaldia, Amaia Aldalurrek zuzenduta. Eta, 19:30ean, museoko auditorioan, Lourdes Odriozola historialariaren hitzaldia, Urolako burnibidea: ibilbide esanguratsu baten jaiotza eta gainbehera gai hartuta.
Getaria
Balentziaga museoa.
- Gaur, sarrera doan izango da egun osoan. 17:30ean, bisita gidatua Javier Gonzalez Durana Cristobal Balenciaga Fundazioaren zuzendariarekin. 18:30ean, hitzaldia, Parisko ibiltokiak Cristobal Balenciagaren hastapenetan (1917-1936) izenburupean. Hizlari, Miren Arzalluz ariko da.
- Bihar, Museoen Gaua ospatuko dute. 22:00etan, hasiera. 22:15ean, El Arte de la moda filmaren emanaldia. 23:15ean, txokolatea eta Getariako botoien dastaketa. 23:45ean, Cristobal Balenciaga. El legado de un mito filmaren emanaldia.
Zestoa
Ekainberri.
- Gaur, Zestoatik Ekainberrira ibilbidea egingo dute eta Ekain abentura aurkeztuko dute.
- Bihar eta etzi, sarrerak erdi prezioan izango dira: Ekainberrikoa 3 eurotan eta Ekain abentura-koa 4 eurotan.
Zarautz
Arte eta Historia museoa.
Bihar (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara) eta etzi (16:00etatik 18:00etara) ate irekien jardunaldia. Bihar bisita gidatuak antolatu dituzte, 10:30ean gazteleraz eta 16.30ean euskaraz. Telefonoa: 943 835281.