Hilaren 26an Umeen Eguna izango da Sanjuandegin, auzoko festen harira

Nerea Uranga 2012ko maiatzaren 18a

Sanjuandegin 3 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako Umeen Eguna antolatu dute maiatzaren 26rako. Haurrei zuzendutako ekitaldiak izango dira goiz-goizetik, «egun polit bat pasatzeko asmoarekin». Umeen Egunean parte hartzeko izena emateko orriak herriko ikastetxeetan banatu dituzte, eta gaur da inskribatzeko azkenengo eguna. Esku orririk jaso ez duenak 645-47 17 00 telefonora deituta eman dezake izena. Eguneko ekitaldiak koordinatzen eta haurrak antolatzen begiraleek jardungo dute. Goizeko hamaiketan Jose Antonio Agirre plazan elkartu, eta arratsaldeko seiak bitartean hainbat ekitaldi egingo dute, baita bazkaria e re. «3 urtetik 6 urtera artekoak toki zehatz batean egongo dira, eta jolasak egingo dituzte. Nagusiagoak, berriz, auzoan zehar ibiliko dira jolasean. Denak begiraleekin egongo dira, eta gurasoek ez dute bertan egon beharrik izango», diote Umeen Egunaren antolatzaileek. Umeen Egunean parte hartzeko ezer ez da ordaindu behark ,o eta bazkaria ere Xanjuandegi auzo elkartekoek prestatuko dute. Bazkariko menua aurreratu dute: makarroiak eta izozkia. Bazkalondoan, diskotekarako prestaketak hasiko dituzte. 16:30ean jarriko dute martxan. Tarte horretan, gainera, festei hasiera ofiziala e mango dion Amona Mantangorriren etorrerako koreografia prestatuko dute haurrek. Diskoteka eta gero, seietatik zortziak bitartean haurrak gurasoek jaso beharko dituzte. Sanjuandegiko festen baitan antolatu du Umeen Eguna Xanjuandegi auzo elkarteak. «Orain dela urte batzuk ere haurrentzako egun bat antolatu ohi zen Sanjuandegiko festetan. Azken urteetan, berriz, umeentzako jolasak antolatzen genituen arratsalde batean. Baina, festetako gainontzeko ekitaldiak bezalaxe, haurren jolasak ere indarra hartu dute. Horregatik, aurten festen asteburua baino astebete lehenago txikienei eskainitako egun oso bat antolatu nahi izan dugu», adierazi dute kideek. Festak iragartzeko bideoa egin du Xanjuandegi auzo elkarteak, eta hemen ikus daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide