'Kafe txinatarra' antzezlana taularatuko dute bihar, Aita Marin

Aritz Mutiozabal 2012ko maiatzaren 17a

Bizitzaz eta adiskidetasunaz hausnartzen duten bi artisten inguruko antzezlana da Kafe txinatarra. Alde batetik, Hektor idazlea dago. Bestetik, berriz, Julian argazkilaria. Biek bat egingo dute bihar gauean, 22:00etatik aurrera, Zumaiako Aita Mari antzokian. Kandido Uranga (Zumaia, 1955) bertan izango da, bera arduratuko baita aipatutako bigarren pertsonaia antzezteaz. Hona hemen biharko egunkarian argitaratuko dugu bihar: Gainerako kafeekin alderatuta,  zertan da ezberdin kafe txinatarra? Ez dut ideiarik ere. Kafe kolonbiarra, nigeriarra, greziarra, turkiarra... eta txinatarra. Kafeen artean bat gehiago da. Segur aski, kafe txinatarra auzo txinatarretan hartu beharko da. Auzo txinatar batean kokatuta al dago bada istorioa? Ez, ez dago horrelako auzo batean kokatuta, baina pertsonaietako bat bertan bizi da, eta noizbehinka kafe txinatarra hartzen du. Era berean, txinatarrez hitz egiten du, baita txinatarren filosofiaz eta bizimoduaz ere. Baina, azken finean, aitzaki bat baino ez da beste hainbat gauza ezkutatzeko. Hori al da zure pertsonaia antzelan honetan? Ez, Asier Hormazak antzezten duen Hektor da pertsonaia hori. Idazlea da, eta bera bizi da auzo txinatarrean. Nik Julian argazkilaria antzezten dut. Antza denez, etsaituta dauden bi lagunen kontakizuna da. Lagunak dira, baina etorkizuna eraikitzen doa. Oraingoz, iragana bakarrik dakigu: oraina etengabeko iraganaz bihurtzen da eta orainak egiten du etengabeko etorkizuna. Orain arte lagunak dira bi pertsonaiak, baina etorkizunean ez dakigu zer gertatuko den, eztabaida latz bat izango baitugu. Hori edonori gerta dakioke: gure lagun-mina hala izango da lagun-mina den bitartean, baina izateari uzten dionean, ez dakigu  zer izango den bihar. Printzipioz, ongi hasi eta gaizki bukatzen den harreman bat al da? Bai, hala da. Harremana gozoagoa da hasieran bukaeran baino. Ongi eta gazki bukatzen den, hori erlatiboa da, eta, egia esan, ez dakit bien arteko erlazioa noiz dagoen hobeto. Aldatuz doa, zalantzarik gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide