Gartxoten kondaira ezagutarazteko ekimenak antolatu dituzte

Nerea Uranga 2012ko maiatzaren 17a

Hasi gaur eta hilaren 23ra bitartean Itzaltzuko Gartxot bardoaren kondaira ezagutarazteko hiru ekitaldi antolatu ditu Azpeitiko Kultur Mahaiak. Antolatzaileen arabera, «Euskal Kantuzaleen Elkartearen dei batek akuilu lana eginda» sortu dute Gartxoten ingurumena ekimena Azpeitian. Gaurko eta biharko ekitaldiak Soreasu antzokian egingo dituzte. Gaur, Gartxot filma emango du Ta3. zine klub taldeak. Biharko, berriz, herriko hainbat taldek Gartxoten inguruko ikuskizuna prestatu dute. Soreasuko taula gainean ehun lagun inguru ariko dira. Parte hartuko duten taldeak dira: Lakrikun antzerki taldea, Juan Antxieta Musika Eskola, Julian Barrenetxea Abesbatza, Sahatsa dantza taldea, Itsasi euskal kultur taldea, Azpeitiko Musika Banda, Azpeitiko Ikastola Ikasberri-Kultura, Urolakoen Napar Zuzterrak eta Emakumeen eta Gazteen antzerki tailerra. Horiez gain hainbat norbanakok ere hartuko du parte. Azken hilabetean ikuskizuna prestatzeko entseatzen jardun dute kultur taldeetakoek. Urolako Napar Zuzterraren ekimenez antolatutako Pako Aristi eta Benito Lertxundiren solasaldiarekin bukatuko dira ekitaldiak, datorren asteazkenean, Sanagustin kulturgunean. Egitaraua Maiatzak 17, gaur. 21:30ean, Gartxot filma emango dute, Soreasu antzokian. Zuzendariak: Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi. Sarrera 5 euro. Bildutako dirua filma emateko gastuei aurre egiteko eta egileei filma zabaltzen laguntzera bideratuko dute. Maiatzak 18, bihar. Gartxot Itzaltzuko bardoaren istorioa buruzko ikuskizuna, herriko taldeen eskutik, 21:30ean, Soreasu antzokian. Sarrera 3 euro. Dirua ekitaldiaren gastuei aurre egiteko erabiliko dute, eta irabazirik balego Kantuzale Elkartearen eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren artean banatuko dituzte. Maiatzak 23, asteazkena. Pako Aristi eta Benito Lertxundiren arteko solasaldia, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Gartxoten haritik gaur egungo Euskal Herriaren egoeraz ariko dira hizketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide