TSko langileek inor ez kaleratzeko eta bi lantegiak mantentzeko eskatu dute

Zestoako Hitza 2012ko maiatzaren 17a

TS Fundicioneseko enpresa batzordeak bi lantegiak mantentzeko eta langilerik ez kaleratzeko eskatu dio zuzendaritzari. Bestela, hori beteko ez balu, greba mugagabeari ekingo diotela azaldu dute langileek. Atzo eguerdian agerraldia egin zuten TS Fundicioneseko 140 langilek, Zestoako tailerraren atarian. Astelehenean enpresako zuzendaritzak Zestoako herriguneko planta itxi eta 25 langile kaleratzeko asmoa agertu du, eta prozesua «traumatikoa» izan ez dadin negoziazioa eskatu. Gaur enpresa batzordea zuzendaritzarekin bilduko da. Agerraldian ELAko, LABeko eta UGTko langile ordezkariek hartu dute parte, atzean beste beharginak zituztela. ELAk zortzi ordezkari dauzka TSn, LABek bost eta UGTk bat. Sindikatu guztiek bat egin dute. Aurretik asanblada egin zuten langileek. Grebaren alde 139 langile agertu ziren, eta aurka, berriz, bat. Zuzendaritzak 25 langile kaleratzeko negoziazio prozesua hastea proposatzen zuen, prozesua «hain traumatikoa» izan ez dadin. Argi azaldu dute langileek ez dutela horrelakorik onartuko; ez dute kaleratzerik negoziatuko, ezta lantegietako bat ixtea ere. Sindikatuen erreakzioak Miguel Romero ELAko ordezkariak hitz egin zuen agerraldiaren hasieran, eta ondoren, berriz, Asier Lizaso LABekoak. Biek gogoratu zuten Sorazu eta Aizpurua familiaren zati batek zuzendaritza aldatzea erabaki zuela bere garaian. Garai hartan enpresan 230 langile zeudela azaldu zuen Romerok. «Eta azken bi urteetan 140 lagun joan dira kalera». Lizasok, zuzendaritza aldatu zenetik «kaleratzeak, gezurrak eta bideragarritasun [...]

TS Fundicioneseko langileak

Grebaren alde 139 langilek egin zuten, aurka batek (Argazkilaria: Xabier Otamendi)

TS Fundicioneseko enpresa batzordeak bi lantegiak mantentzeko eta langilerik ez kaleratzeko eskatu dio zuzendaritzari. Bestela, hori beteko ez balu, greba mugagabeari ekingo diotela azaldu dute langileek. Atzo eguerdian agerraldia egin zuten TS Fundicioneseko 140 langilek, Zestoako tailerraren atarian. Astelehenean enpresako zuzendaritzak Zestoako herriguneko planta itxi eta 25 langile kaleratzeko asmoa agertu du, eta prozesua «traumatikoa» izan ez dadin negoziazioa eskatu. Gaur enpresa batzordea zuzendaritzarekin bilduko da.

Agerraldian ELAko, LABeko eta UGTko langile ordezkariek hartu dute parte, atzean beste beharginak zituztela. ELAk zortzi ordezkari dauzka TSn, LABek bost eta UGTk bat. Sindikatu guztiek bat egin dute. Aurretik asanblada egin zuten langileek. Grebaren alde 139 langile agertu ziren, eta aurka, berriz, bat.

Zuzendaritzak 25 langile kaleratzeko negoziazio prozesua hastea proposatzen zuen, prozesua «hain traumatikoa» izan ez dadin. Argi azaldu dute langileek ez dutela horrelakorik onartuko; ez dute kaleratzerik negoziatuko, ezta lantegietako bat ixtea ere.

Sindikatuen erreakzioak
Miguel Romero ELAko ordezkariak hitz egin zuen agerraldiaren hasieran, eta ondoren, berriz, Asier Lizaso LABekoak. Biek gogoratu zuten Sorazu eta Aizpurua familiaren zati batek zuzendaritza aldatzea erabaki zuela bere garaian. Garai hartan enpresan 230 langile zeudela azaldu zuen Romerok. «Eta azken bi urteetan 140 lagun joan dira kalera». Lizasok, zuzendaritza aldatu zenetik «kaleratzeak, gezurrak eta bideragarritasun plan ikaragarriak» izan dituztela. «Orain Zestoako planta itxi eta 25 langile kaleratu nahi dituzte. Hori da zuzendaritzaren planteamentu berria enpresa aurrera ateratzeko». Romerok dioenez, duela bi hilabete berriro aldatu zuten zuzendaritza, eta «ordutik hamasei lagun gehitu dira langabezia zerrendara».

Egun lanean dauden askok langabezia saria agortu dute ia, ELAkoak gogorarazi duenez. «Dirudienez, proiektu bakarra lanpostuak suntsitzea, lan baldintzak gutxitzea eta zorra langileen kontura ordaintzea da». LABetik garbi esan dute lan baldintzak ez direla «txanpon truke erabiltzeko». Amaitzeko, zuzendaritzak  2012ko lan egutegia osatu behar duela gogorarazi zuten, eta 2010eko oporren konponbidea ere eskatu zuten, «gaur egungo eskubide urratzeak behin betikoz desagertzeko». Iaz, hiru eguneko lanuztea egin ostean, zuzendaritzak eskaera bere horretan onartzea lortu zuten langileek. Urteko lan jarduna 1.593 ordutan mantentzea adostu zuten orduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide