Elkarlanean ariko dira baserritarrak eta Sanagustin

Nerea Uranga 2012ko mai. 17a, 10:33

Herriko baserritarrak eta Sanagustin kulturgunea elkarlanean ariko dira, «eragileen arteko harremana sustatu, eta bertako eta garaiko produktuak eskaintzeko helburuarekin». Hala, Sanagustineko jatetxean bertako eta garaiko produktuak eskainiko dituzte eta urtean hirutan Kultur Mahaiko bazkideen artean baserritarren produktuekin osatutako otarra bat zozkatuko dute. Lehen otarra Maider Zendoia azpeitiarrari egokitu zaio. Joan den maiatzaren 15ean hiru urte bete ziren baserritarren ostiral arratsaldeko azoka martxan jarri zutela. Astearteroko azoka indarra galtzen ari zelako, eta bertako eta garaiko produktuei indarra emateko asmoarekin hasi ziren ostiral arratsaldetan azoka egiten. Gaur egun Azpeitiko eta inguruko herrietako 13 baserritarrek jartzen dute postua udaletxe azpian. Bertan eskaintzen dituzten produktuak dira: barazkiak, ogia, fruituak, gazta, mermeladak, ukenduak... Baserritarrak «oso gustura» daude azokak duen harrerarekin. Azoka, hain justu, Sanagustin kulturgunearen sarreran izaten da ostiral arratsaldero. Kultur Mahaiak kulturgunea ireki zuenean bi eragileen arteko lehen harremanak hasi ziren. «Kulturgunekoak azokara etortzen ziren gure produktuak erostera, ondorioz harremana sendotuz joan da», esan dute baserritarrek. Hala, duela hilabete ingurutik elkarlana finkatzeko bidea egin dute, EHNE sindikatuaren laguntzarekin.Astero kulturguneak produktuen eskaera egiten die baserritarrei eta hauek euren artean antolatzen dira eskaerari aurre egiteko. Aurrez bi eragileek produktuen prezioak adostuta dituzte, «prezioa adostuta izatea baserritarren egonkortasunari begira hartutako erabakia izan da». Baserritarrek etorkizunerako duten erronka, berriz, produktuen eskaintza zabaltzea dela diote. Sanagustin kulturgunekoen esanetan, Kultur Mahaiaren baloreetako bat, besteak beste, herriko eragileekin elkarlanean jardutea da, «bidea aberatsagoa baita inguruan ditugunekin parte- katuta, hitz eginda, adostuta... Bide horretan hasieratik kontuan hartu nahi izan ditugu bertako baserritar eta nekazariak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide