Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak atzera bota ditu Kortazarren harira Zarauzko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren eta orube horretan etxebizitza babestuak eraikitzeko baimenaren aurkako helegiteak. 2008ko uztailaren 30ean sinatu zuten bi erakundeok akordioa; hitzarmenaren arabera, udalak lursaila Jaurlaritzari laga zion, bertan 150 etxebizitza babestu eraiki zitzan.
Elizelai etxepeko bizilagunek errekurtsoak jarri zituzten 2009an, udalari lursaila bertan ekipamendu publiko bat eraikitzeko utzi ziola argudiatuz, eta ez etxeak egiteko. Biak ala biak bota ditu atzera auzitegiak. Hori dela eta, «gustura» agertu da Ezker Anitzako zinegotzi Mariana Aranburu. Hala ere, oraindik helegite bat aztertzeke dagoela ohartarazi du: «Beste etxepe bateko bizilagunek helegite berdintsua jarri dute. Errekurtsoa auzitegi berak aztertuko duenez, epaia ere berdintsua izango dela espero dugu».
Lanak atzeratu
Aurkeztutako helegiteek lanak atzeratzea ekarri dutela salatu du Ezker Anitzako zinegotziak, eta horrek herriko gazteei eragin diela: «Zoritxarrez lanak 2009tik geldirik daude. Helegiterik aurkeztu ez balute, egun herritarrek alokairu sozialeko etxeak eskuratzeko aukera izango lukete. Hainbat gaztek inguruko herrietara joan behar izan du bizitzera, ordea, herri horietan etxea arrazoizko prezioan aloka dezaketelako, Zarautzen ez bezala».
Bi erakundeen arteko akordioa egun indarrean dagoela nabarmendu du, eta hortaz, Jaurlaritzak konpromisoarekin aurrera jarraitu beharko lukeela. «Hainbat arrisku dagoela jakitun gara. Batetik, beste helegiteren bat aurkez dezakete, eta horrek lanekin hasteko data atzeratzea ekarriko du. Bestetik, gizarte politiketan egindako murrizketen ondorioz, posible da Jaurlaritzak inbertsioa atzera botatzea».
Zarautzen etxebizitzen inguruko arazoari irteera emate aldera, «irtenbide bideragarriena» Kortazarren alokairu sozialeko etxebizitzak egitea dela esan du, eta beraz, horren alde lanean jarraituko duela.
