
Ihidietako parkea izango litzatekeenaren argazki mutaia, Itxasmendi auzotik ikusita (Irudia: Arkamurka)
Zarautz eta inguruetako landareria ezagutzeko eta botanikaren munduan sakontzeko, Arkamurka Natur Taldeak zenbait irteera antolatu ditu. Hala, Maiatza loretan lelopean, gaiari lotutako hainbat ibilbide egingo dute etzi zein datorren larunbatean.
Hilaren 19an, historian zehar inguruko landareei eman zaien erabilera izango dute aztergai parte-hartzaileek. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta etnobotanikan aditu Dani Perez gonbidatu dute.
Maiatzaren 26an, berriz, Irita (Arkamurkakoek Ihidieta esaten diote gune horri) ingurura joko dute. Antolatzaileen arabera, inguru horrek natur ikuspegitik «garrantzia berezia» du. «Eremu hau babestea ezinbesteko ikusten dugu Zarauzko hezeguneek duten bioaniztasunaren zaintza bermatzeko». Hala, eremuaren potentziala eta bertan aurki daitezkeen natur balioak aztertuko dituzte. Bi egunotan 09:00etan elkartuko dira parte-hartzaileak, Arkamurka Natur Elkartearen egoitzan (Santa Marina 2,2).
Eremua naturalizatu
Arkamurkako kideek «pozez» hartu dute Eusko Jaurlaritzak Iritan industriagunea egiteko laguntzak atzera bota dituelako. Jakinarazi dutenez, duela 25 urte Erriberetako parkea delako egitasmoa aurkeztu zioten Udalari. Kanala—egun Iñurritzako Biotopoa —, Irita eta Asti babesteko eskatzen zuten bertan, besteak beste. Natur taldearen arabera, «egitasmoaren %85 onargarria» zela nabarmendu zuen orduan erakundeak.
Hala ere, urtez urte Erriberetako parkea sortzeko «itxaropena» galdu dutela esan dute, herriko beste eremuetan ere ondasun naturalak «hondatzen eta desagertzen» joan direlako. Horren aurrean ez dira kikildu, ordea: «Arkamurkak beste ahalegin bat egingo du aurten lur eremu hori guztia naturalizatzeko oinarriak aurkezteko». Jakinarazi dutenez, gaiari lotutako erakusketa prestatzen ari dira irailerako.
Egitaraua
Maiatzak 19, bihar
09:00. Etnobotanika. Zertarako erabili ditugu landareak irteera, Arkamurkaren egoitzatik.
Maiatzak 26, larunbata
09:00. Ihidieta. Zarauzko hezeguneak arriskuan irteera. Arkamurkaren egoitzatik.