Aiako Udalak bidegorria eraikiko du Aiako Ubegun auzoan, bertako bizilagunek bizikletan nahiz oinez dabiltzanean izan ditzaketen «arriskuak» saihesteko. 700 metro inguruko bidea eraikiko dute, trenbide zaharra aprobetxatuz. Aia eta Orioko tren geltoki parean hasiko da bidegorria, eta Ubeguneko industrigune aurrean dauden etxebizitzetaraino iritsiko da. Hain zuzen, Muskienea etxeraino egingo dute bidea.
Aiako Udalak 100.000 euro inguruko aurrekontua izango du proiektua garatzeko, eta uztaila eta abuztua artean amaituta izatea aurreikusten du Igor Iturainek, Aiako alkateak. Oraindik ez dituzte lanak hasi. Udalak hiru enpresari eskatu dio proposamenak egiteko, eta datorren astean jasoko dituztelakoan da Iturain. Honen arabera, bidegorriko lanak trenbidean egiten ari direnekin «modu paraleloan» burutuko dituzte.
Behin obrak esleitzen dituztenean, bi hilabete inguru iraungo dute lanek, alkateak jakinarazi duenez. Bidegorria egiteko eremua egokituko dute. Aurreko trenbideko erreiak kendutakoan, argizteria jarriko dute lehendabizi, eta bidea asfaltatuko dute ondoren.
Errepidea zeharkatu gabe
Ubeguneko bizilagunek errepide ertzetik joan behar izaten dute auzora bizikletan nahiz oinez direnean. Gainera, G-634 errepideko bidegurutzea zeharkatu behar izaten dute Oriora joateko. Aiako alkate Igor Iturainek adierazi du auzotarrek «aspalditik» eskatu dituztela arriskuak saihesteko neurriak. Alternatiba gisa, eremuan espaloia eraikitzeko asmoa ere izan da azken urteetan, baina alkatearen ustez, hori ez da «bideragarria», eta «bidegorriak arazo honi irtenbidea emango dio».
Trenbide zaharra erabiliko dute bidegorria egiteko. Neurriarekin, segurtasun gehiago izango dute oinezkoek eta txirrindulariek, eta ez dute errepide nagusia igaro beharko. «Bidegorriaren bidez tren geltokiraino iritsiko dira, eta hango pasadizotik zeharkatu ahal izango dute bidea».
Egitasmoaren jakinaren gainean dira Ubeguneko auzotarrak. Azken hilabeteetan Aiako Udalak hainbat bilera egin ditu horiekin, eta proiektu zehaztuaren nondik norakoak aurkeztu diete dagoeneko. Iturainen arabera, gehienek «ontzat» eman dute bidegorria egitea. Hala ere, Ubeguneko batzuk bidea errepide azpitik egitea nahiago zutela adierazi du alkateak. Kasu honetan, ordea, bizilagunek ondoren bidegurutzea zeharkatu beharko lukete, eta hori «onartezina» da; izan ere, egunean «milaka» ibilgailu igarotzen direla aipatu du Iturainek, eta horiek abiadura handian igaro ohi direla gaineratu du. Halaber, «dagoeneko sortuta zegoen azpiegitura aprobetxatzea galdu ezinezko aukera da», Iturainen iritziz.