Getariarrek suziriekin eta guzti ospatu dute Google enpresaren Model your town lehiaketa irabazi izana. Goizean egin dute agerraldia Nika Lertxundi Getariako alkateak, Josetxo Perez eta Pedro Domecq proiektuaren sortzaileek eta erakundeetako ordezkariek, eta jaso duten babesa eskertu dute, udaletxean elkartu diren herritar askoren aurrean. “Pozez gainezka” daudela aitortu dute guztiek, eta finalera iristea bakarrik “izugarrizko lorpena” izan dela adierazi du Lertxundik. Irabazleek 18.754 euro jasoko dituzte, eta Getariako Iturzaeta ikastolara bideratuko dute dirua. Google enpresako ordezkaritza bat joango da Getariara, irailean; orduan, jaialdi bat egingo dute, eta saria banatuko diote ikastolari. Ikastolako ordezkariek adierazi dute oraindik zehaztu gabe dutela dirua zertan inbertituko duten; ikastolak hainbat proposamen egingo ditu, baina gurasoekin adostu beharko dute gero; hala ere, dirua proiektu pedagokikoetan eta jangelan erabiltzeko asmoa dutela aurreratu dute.
Googlek atzo jakinarazi zuen Getariak irabazi zuela lehiaketa; herritarrek erabaki dute udalerri hori izan dela Google Earth-en hiru dimentsiotan ondoen irudikatuta dagoen hiria.
