
Jai giroa izan zen nagusi goizean Meagan, txakolin, musika eta pintxo artean (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)
San Isidro nekazarien patroia izanik, eskualdeko zenbait landa auzotan egun berezia izan zuten atzo. Getariako Meaga auzoan, Azpeitiko Aratz Errekan eta Errezilgo Erdoiztan ospakizun ugari izan dituzte azken egunetan, eta atzokoan eman zieten amaiera festei. San Isidro eguna izanik, guztietan ekitaldi erlijiosoak izan ziren lehenedabizi. Meagan, esaterako, dozenaka lagun izan ziren auzoko ermitako mezan, eta urtero bezala, adinduei eskaini zieten eguna. Aurtengoan Maria Nieves Gesala omendu dute.
Jai giroa izan zen nagusi Meagako eliza atarian. Eguerdian, meza ondoren, bertaratu zirenek txakolina eta txerriki errea dastatzeko aukera izan zuten. Pintxoa euro baten truke izan zuten, eta edalontzia hiru eurotan erosita, nahi adina txakolin edateko parada izan zuten auzotarrek.
Bazkaltzeko hitzordua ez zuten galdu nahi izan, eta adindu ugari elkartu ziren bertan. Gauean, berriz, ezkonduek afaria izan zuten Azkue hotelean; musika giroan amaitu dituzte jaiak auzotarrek, Izer eta Alabier trikitilarien erromeriarekin.
Azpeitiko Aratz Errekan suziriarekin esnatu ziren atzo, eta meza egin ondoren, hainbat lagun auzoko tabernan elkartu ziren, eta trikitilarien doinu artean hamaiketakoa egin zuten. Iluntzean, berriz, mamia-jana egin zuten, eta dantza eta musika artean agurtu zituzten jaiak. Erdoiztan, berriz, bazkaria egin zuen hainbat lagunek. Zarautzen ere izan zen ospakizunik; goizean, herriko nekazariek meza izan zuten Frantziskotarren elizan, eta ondoren hamaiketakoa
egin zuten. Meagan, Aratz Errekan, Erdoiztan eta Zarautzen ez ezik, Azkoitiko Madariaga auzoan ere hamaika ekitaldi izan dira azken egunean, sanisidroen aitzakian.

