Larunbatean Urola Kostan ere herrietako plazak betetzera deitu ditu herritarrak Herrira-k. Era horretan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egiteko eskatu dute. «Gatazka betiko konpondu eta haren ondorio guztiei irtenbidea emateko, ezinbestekoa da preso eta iheslarien egoera ere konpontzea», dio taldeak. Hala, Goazen plazara ekimenaren harira herriz herri askotariko mobilizazioak prestatu dituzte larunbaterako.
Urtarrilaren 7an presoen eskubideen alde, milaka herritarrek egin zuten protesta, Bilboko manifestazioan. Gero, otsailaren 5ean Herrira mugimendua aurkeztu zuten, euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde. Ordutik, herri eta auzoetan Herrira herri bilguneak sortu dira; hala nola, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. «Askotariko ekimenetan ehunka herritar elkartu da eskualdeko bilguneetan». Bilguneek larunbaterako antolatutako jardueretan parte hartzera deitu dute, «gaur egun presoek bizi dituzten salbuespen neurriak indargabetzearen alde».
Azpeitian, egun osoz
Azpeitiko Herrira herri bilguneak Elkartasun Eguna antolatu du larunbaterako, eta herritarrak euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde egitera animatu dituzte, antolatutako ekitaldietan parte hartuz.
Larunbateko Elkartasun Eguneko ekitaldiak ttuntturroen kalejirarekin hasiko dira. Segidan, eguerdian Elkartasun Krosaren irteera izango da plazatik. Aurten ibilbide berria izango du lasterketak, 5 kilometrokoa. Aurreko urteetako ibilbidearen maldak ez dituela diote antolatzaileek. Bi itzuli egin beharko dituzte lasterkariek, bat motza eta bestea luzeagoa. 12:00etan hasiko da proba, eta egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 12 euro ordainduta.
Lasterketa bukatutakoan lagunarteko herri kirolak izango dira, plazan. Gero, azoka plazan herri bazkaria egingo dute.
Elkartasun Egunari begira kantu lehiaketa bat ere egin zuten, eta Skandalue taldearen Distantziak laburtuz kantuak irabazi zuen. Doinu hori oinarri hartuta, larunbat arratsaldeko seietan flash mob bat edo dantza jendetsua egin nahi dute herriko plazan. Hor parte hartzeko entsegu orokorra bihar izango da, 19:00etan, Sanagustinen. Dantza bukatutakoan manifestazioa abiatuko da herriko plazatik.
Urola Kostan herriz herri
Goazen plazara ekimenaren baitan Herrirak deituta egingo diren jardunak honako hauek dira:
Azkoitia
Maiatzak 19, larunbata.
- 12:30. Elkarretaratzea eta ekitaldia, herriko plazan.
Azpeitia, Elkartasun Eguna
Maiatzak 17, osteguna.
- 19:00. Elkartasun Eguneko flash mob-aren entsegu orokorra, Sanagustinen.
Maiatzak 19, larunbata. Elkartasun Eguna.
- 11:00. Ttuntturroekin Elkartasun Egunari hasiera emango diote.
- 12:00. Elkartasun krosa, herriko plazatik irtenda. 5 kilometroko ibilbidea du. Dortsalak Azpeitiko igerilekuan, Aitzaki eta Aradi kirol-dendetan eta Orkatzen daude salgai. Zestoan, berriz, Koiote tabernan. Aurrez izena ematea 10 euro da. Egunean bertan ere krosean izena emateko aukera egongo da, 12 eurotan.
- 13:00. Herri kirolak, herriko plazan.
- 14:30. Bazkaria, azoka plazan.
- 15:00. Haurrentzako gunea zabalduko da, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 18:00. Flash mob-a, herriko plazan.
- 18:30. Manifestazioa, herriko plazatik abiatuta.
- Ondoren, Skandalue elktrotxaranga.
- 22:30.Kontzertua, herriko plazan. Ze Esatek eta Kasik musika taldeak.
- Egun osoan zehar, txosna, erakusketa... herriko plazan.
Getaria
Maiatzak 19, larunbata.
- 10:30. Mendi buelta Getaria eta Zarautz artean, Santa Barbaratik.
- 12:00. Paella lehiaketa.
- 13:00. Argazki kolosala, Gudarien enparantzan.
- Ondoren, triki-poteoa.
- 14:00. Paella lehiaketako epaimahaiaren dastaketa eta segidan bazkaria.
- Bazkal ostean, kantu saioa.
Orio
Maiatzak 19, larunbata.
- 11:00. Elkarretaratzea eta ekitaldia, plazan. Segidan hamaiketakoa egongo da.
Zarautz
Maiatzak 19, larunbata.
- 13:00. Elkartasun ekitaldia, Musika Plazan.
- 14:30. Bazkaria, gaztetxean.
Zestoa
Maiatzak 18, ostirala.
- 22:30. Sagarren denbora filmaren emanaldia, udaletxe azpian.
Maiatzak 19, larunbata.
- 13:00. Elkarretaratzea, herriko plazan.
Zumaia
Maiatzak 19, larunbata.
- 13:00. Argazki jendetsua aterako dute, Amaia plazan.